Bigarren aldiz irabazi du etxetik kanpo Zast-Ulaciak, Valladoliden

Zast Saskibaloia 2020ko ots. 17a, 09:49

Aste honetan lortu du etxetik kanpoko bigarren garaipena Valladolideko Arroyo de la Encomienda kiroldegian Zast-Ulacia Zarauzko taldeak. Markagailuaren partida amaierako emaitza estua izan da, hiru puntuko alde txikiaz irabazi baitute zarauztarrek: 59-62.

2019-2020 denboraldiko 20. jardunaldira arte itxaron behar izan du Zast-Ulaciak etxetik kanpoko bigarren garaipena eskuratzeko. Oso garesti daude garaipenak etxetik kanpo, eta larunbateko emaitza oso une egokian iritsi da Zarauzko taldearentzat, garaipen baten premian baitzegoen urte hasierako dinamikari buelta eman eta ligako azken txanpari indarberrituta ekiteko.

Zast-Ulaciak defentsan oinarritu du Valladoliden lortutako garaipena. Markagailuak norgehiagokaren amaieran ageri izan duen puntu kopuru baxuak ematen du horren berri. Partida, ordea, defentsa onarekin bai, baina eraso pattalarekin hasi du Ulaciak, zazpi puntu baino ez baititu lortu hasierako laurdenean. Zortzi puntuko desabantaila pilatu du partida hasieran, Valladolidekoek 17 puntu eskuratu baitutuzte.

Bigarren laurdenean, ordea, eutsi egin dio defentsa onari, eta errazago iritsi da aurkariaren saskira. Hori horrela, bi puntura murriztu du Valladolideko talde gazte baina oso ondo entrenatuarekiko zuen desabantaila.

Koska bat gehiago estutu du defentsa Zarauzko taldeak partidaren erdiko atsedenaldi luzearen ondorengo laurdenean, zortzi puntu baino ez baitizkio sartu CB La Flecha aurkariak. Zarauztarrek, aldiz, puntu kopuru horren bikoitza, hamasei, saskiratu dituzte, eta buelta eman diote markagailuari, sei puntuko aldea lortuz azken laurdenaren atarian.

Partidaren azken laurdenean, etxeko taldeak gogor estutu du eta partidaren bila joan da, baina zarauztarrek, gorabehera batzuk izan dituzten arren, kontzentratuta jarraitu dute lanean partida amaitu arte, eta meritu handiko garaipena lortu dute sailkapenaren goialdean dagoen talde baten aurka.

Partidaren giltza Zarauzko jokalari guztien talde defentsa bikaina izan bada ere, nabarmentzekoak dira erasoan Aitzol Eguzkitzak saskiratu dituen hogeita bat puntuak eta Mikel Larrañagak eman dituen zortzi asistentziak. Joko-antolatzaileak, gainera, jaurti dituen lau hirukoak sartu ditu, partida benetan bikaina borobilduz.

Larunbateko partidaren albiste nagusia garaipena izan den arren, azpimarratzeko datua da Zast-Ulaciak, partida osoa kontuan hartuta, aurkariak baino hamar errebote gehiago hartu dituela. Zarauztarrek egindako defentsa onaren beste datu adierazle bat da aurkaria azpitik utzi duela batez besteko jaurtiketa ehuneko guztietan. Bueltan dugu, beraz, Zast-Ulaciaren bereizgarri den talde-defentsa bikaina. Oso lagungarri izango du denboraldiaren azken herenean.