"Anbizio handiko plangintza" osatu du Udal Gobernuak agintaldirako

Aritz Mutiozabal 2020ko ots. 18a, 08:00
Udal Gobernuko kideak, 2019-2023 Agintaldiko Planaren aurkezpenean. (Aritz Mutiozabal)

‘2019-2023 Agintaldirako Plana’ aurkeztu du EAJk eta PSE-EEk osatutako gobernuak. Hamasei helburu eta 122 ekintza jaso dituzte, eta 30 milioi euroko inbertsioa egingo dute.

Aurreko agintaldian egin zuen bezalaxe, EAJk eta PSE-EEk osatzen duten Udal Gobernuak datozen lau urteetako helburu estrategikoak eta ekintzak jasotzen dituen plangintza prestatu du. Udal Gobernuaren "bide-orria" eta "lan tresna garrantzitsua" izango da 2019-2023 Agintaldirako Plana, eta Xabier Txurruka alkateak nabarmendu duenez, "datozen urteetarako erronkei erantzuteko prestatutako dokumentua" da. "Bertan jaso ditugu agintaldirako helburu estrategiko nagusiak lortzeko jarduera garrantzitsuenak". 

Udal langileekin eta teknikariekin elkarlanean garatutako dokumentua izan dela azpimarratu du Txurrukak, eta agintaldi berrirako ekintzak "behar bezala" planifikatu nahi izan dituztela horren bidez. "Planak antolaketa eta kudeaketa eraldatzen jarraitu nahi du. Zarauztarrei eskaintzen zaizkien zerbitzuen kalitatea etengabe hobetzea da helburua, proiektu zehatzei dagozkien ildo nagusiak zehaztuta". Hori horrela, hiru arlotan banatu dute lau urtetarako gobernu ekintza plana: herritarrak, lurraldea eta antolakuntza.

Herritarren atalean, "zarauztarren ongizatea bermatzeko jarraibideak" zehaztu dituzte, "gobernuko ekintza guztiak herritarrei zuzenduta daudelako". Lurraldeari dagokionez, etxebizitza, kalitatezko enplegua, jarduera ekonomikoari bultzada eta naturaguneen inguruko ekintzak jaso dituzte; antolakuntzan, berriz, udal antolamenduaren eta arreta zerbitzuaren ingurukoak.

Guztira, hamasei helburu estrategiko eta 122 ekintza zehatz jaso dituzte 2019-2023 Agintaldirako Planean; 61 ekintza herritarren atalean, 26 antolakuntzan eta 35 lurraldean, hain zuzen ere. Batzuk dagoeneko martxan daudela adierazi du alkateak, eta beste hainbati berehala helduko diotela; txostenari kronografia bat ere erantsi diote, gutxi gorabeherako datekin. 


30 milioi euro


Ekintza horiek guztiak aurrera eramateko, 30 milioi euro inguruko inbertsioa aurreikusten du Udal Gobernuak. Kopurua kontuan izanda, "anbizio handiko plangintza" dela nabarmendu du Txurrukak. Inbertsio horietako asko Zarauzko Udalak berak hartuko ditu bere gain, baina  dagoeneko beste administrazioekin ere harremanetan jarri dira zenbait diru partida lotze aldera.

Dokumentuan jasotako ekintzak ez dira burutuko diren guztiak izango. "Egunerokoan askoz ere zerbitzu gehiago eskaintzen ditu Zarauzko Udalak, baina ohikoetatik aparte daudenak nabarmendu nahi izan ditugu", azaldu du alkateak. Agintaldiko plangintzaren txostena zarautz.eus webgunean dago eskuragarri.