Dagoeneko hasi dira prestaketak Salberdinen, hilabete bukaeran makinak lanean jarri eta garajeen horma nagusiak egiten hasteko. 2017an egin zituzten eremu horretako eraiste eta txukuntze lanak, eta hasierako aurreikuspenen arabera, 2018aren hasieran ziren hastekoak bertan etxebizitzak eraikitzen. Lursailaren akuiferoa, ordea, kutsatuta zegoen, eta luze joan da haren berreskuratze prozesua. "Hein handi batean lortu da, baina hondeaketa planekin egin beharko da akuiferoaren berreskurapen osoa", azaldu du Xabier Txurruka alkateak.
Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Saileko arduradunekin harreman zuzena izan dute etxebizitzen sustatzaileek eta Salberdingo Kontzertazio Batzordeak, eta beraien nahia da otsail bukaeran, baldintza eta baimen guztiak lortuta, garajeetako horma nagusiak eraikitzen hastea. Alkateak adierazi du "zuhurtziaz" jokatu dela uneoro: "Eskaera oso aurrerakoiak egin ditu Ingurumen Sailak lurrak berreskuratzeko, eta kontrol guztiak beteta eta lan asko egin ondoren, otsail bukaeran ikusi ahal izango dugu behingoz lanen hasiera ofiziala".
Agintaldirako asmoa
Salberdingo Kontzertazio Batzordearen asmoa da iparraldeko erreka eta trenbidearen aldeko urbanizazio guztia agintaldi honetan bukatzea, Bizkaia kalea barne, Urdaneta kaleraino.
Udaleko Ingurumen zinegotzi Gloria Vazquezek azaldu duenez, jendeari askotan iruditzen zaio lanak "poliki" doazela, baina "baldintza zorrotzak" izan dira, eta horiek "ongi aztertu" behar izan dira. "Ondorioz, denbora pasatu da, eta nahiz eta ezer ez dela egin ematen duen, atzetik lana pila bat egin da". Bistako lanak ez izanagatik, Salberdinen jarduerak egin direla dio; zundaketak, kontrolak eta halakoak.