Managaitz "gogotsu" Getariako gaztetxeko oholtzara igotzeko

Maialen Etxaniz 2020ko ots. 21a, 08:30
Managaitz musika taldeko kideak. (107.2 fm)

Rata Negra eta Marmol taldeekin batera joko du Zarauzko taldeak, 21:30etik aurrera.

Bihar mozorro eguna izanik, hiru kontzertu antolatu ditu Getariako gaztetxeak gauerako. Hain zuzen, Rata Negra, Marmol eta Managaitz igoko dira oholtzara 21:30etik aurrera. Rata Negra Madrilgo taldea da, eta punk musika sortzen du; Juanita y los Feos eta La URSS taldeetako kideek osatzen dute. Bilbotik iritsiko da Marmol taldea, eta horrek ere punk musikaz jantziko du gaztetxea. Larunbat gauez oholtzara igoko den hirugarren taldea Zarauzko Managaitz da. Zarauzko musikariek ezagutzen dute Getariako gaztetxea, eta kontzertua emateko gogotsu daudela diote.

2011. urte bukaeran sortu zen Managaitz taldea, hainbat  proiektutan eta musika taldetan –Mor More, Erantzun– aritutako musikariak elkartu ostean. Hasieran sei taldekide baziren ere, gaur egun bost musikarik osatzen dute Managaitz, eta haiek azaldu dutenez, «hardcore punka» sortzen dute, "melodikoa eta azkarra". Zarauzko musikariek azaldu dutenez, "batez ere filosofiagatik" sailkatzen dute beren musika estilo horren barruan: "Izan ere, zuk zeuk egin filosofian oinarritzen gara", adierazi dute. Areto txikietan eta gaztetxeetan hasi zuten taldearen ibilbidea, eta urte batzuk geroago, Iberiar Penintsulatik kontzertu bira egin ostean, Euskal Herrian barrena ibili dira kontzertuz kontzertu.

Aurreneko diskoa bakarka atera zuten, eta bigarrena Bergarako (Gipuzkoa) Fly Shit taldearekin batera. "Gustura" daude emaitzarekin, eta orain jendeari eskaini nahi diote beraiek sortutako musika. Kontzertuak eskaintzeko denbora gutxi duten arren, zuzenekoak lotzeko ahaleginak egiten dituztela diote, "gogoz" eskaintzen baitituzte emanaldiak. Biharko kontzerturako "gogotsu" daudela jakinarazi dute Managaitzeko musikariek, eta oholtzara gozatzera igoko direla aurreratu dute.