Ibon Fernandez, irrati esataria

"Spotify gure etsaia da, baina gertu izatea komeni zaigu"

Izaro Altzibar 2020ko ots. 21a, 09:24
(Utzitakoa)

Aurten hamar urte beteko ditu Ibon Fernandezek (Zarautz, 1988) Gaztea irratian. Gaur egun, ‘Gu’ saioko esatari-gidaria da, eta irratiak sare sozialetan egon behar duela dio.

Gaztea irratia gazteei bideratuta dago, baina datuen arabera, zuen entzuleak ez dira hain gazteak. Zer esan nahi du horrek?
Belaunaldien arteko aldaketa bat dago. Gure irratiak Gaztea du izena, baina, era berean, irratiaren kontsumitzaileak helduagoak dira gaur egun. Geroz eta jende helduagoak entzuten badu irratia, talka bat dugu gure izen propioarekin. Hain zuzen, hori da gure erronka nagusia, Gaztea izenari eustea, eta jende gaztea gugana erakartzea. Gainera, gure erronka handiagoa da, euskarazko irratia delako gurea. Beraz, hedabide tradizionala eta hizkuntza babesten ditugu aldi berean. Nik uste dut beste irratiek baino lan zailagoa dugula zentzu horretan.


Zer irizpide jarraitzen dituzue edukia aukeratzeko?
Gaztea irratia aldatu egin da, eta azken urteetan entretenimenduaren bidea hartu du. Saioei dagokienez, gaurkotasuna lantzen saiatzen gara, betiere entretenimenduaren bidera eramanez. Hau da, entzuleak albistea zein den jakin dezala, baina, aldi berean, entretenitu dadila hori entzuten. Oreka puntu hori lortzen saiatzen gara; hori da gure lana. 


Zer eginkizun ditu Gaztea irratiak euskal kulturaren zabalkundean?
Batez ere, euskal musikari so egotea; euskal musikak zer dakarren ikustea eta nora doan aztertzea. Musika irratia izanik, eginbehar nagusia hori babestea da, hori argi dago. Bigarren lan nagusia euskara modu natural eta erakargarrian erabiltzea da, eta horretan saiatzen ari gara. Gure helburua da euskara erabilgarria izatea, informaltasun horretan. Musika da ildo nagusia, musika irratia delako, baina badugu konpromiso bat euskararekin ere.


Nabaria da Gazteak sare sozialen aldeko apustu argia egiten duela. Zer ondorio ditu horrek?
Bitxia da, nik hamar urte egingo ditut Gaztean, eta eboluzio hori ikusi dut. Lanean hasi nintzenean, Whatsapp aplikazioa ere ez zegoen, eta urteek aurrera egin ahala, tresna berriak erabiltzen hasi gara: Facebook, Twitter edo Instagram. Gaztea irratiak oso bide bisuala hartu du. Gaur egun, entzun bakarrik egingo diren saioak prestatzen ditugu berez; hori da abiapuntua, baina, aldi berean, ikusiko diren elementuetan ere pentsatzen dugu. Guk hori nahi dugu: irudiaren bitartez gazteengana iristea. Gaztea irratiaren kasuan, oso garbi dago hori.


Irrati esatariak anonimo samarrak izan ohi dira, baina zuek irratiaren irudi bihurtu zarete. Nola bizi duzue hori?
Ondo. 20.000 jarraitzaile ditu Gaztearen Instagram kontuak, zifra potoloa da, baina ez gara jende ezaguna. Jendeak irratiko ahotsarengatik gehiago ezagutuko gaitu, ez irudiarengatik. Egia da gure irudia erakusten dugula pantailan, irratiko beste garai batean ez bezala, baina gu ere geure sare propioetan aurpegia ematera ohituta gaudenez, ez dut jauzi handi bat bezala bizi izan.
Spotify plataformara ere eraman dituzue saioak.

Badakit askorentzat inkoherentzia dela hori. EITBren barruan ere bukaezina da eztabaida. Izatez, gure plataformetan zabaltzeko edukia sortzen dugu, baina jendeak ez du ohiturarik eitb.eus atarian dauden zerrendak entzuteko. Nik uste dut beharrezkoa dela horrelako plataformetan gure edukia egotea, publizitateagatik.


Bekadunak joaten dira urtero Gazteara praktikak egitera. Zerk erakartzen ditu?
Irrati bidez ematen dugun sentsazioak. Lagun talde bat garela dirudi, eta giro ona sumatzen dute. Baina gure egitekoa ez da hain erraza; hasieran denak festa ematen du, baina festa giro horren atzean lana dago, eta esfortzua ere bai. Gure kasuan, hiru lankide gara, eta hirurok elkar ulertu eta koordinatu behar dugu. Denok ez dugu egun ona izaten egunero, eta hori kudeatzen jakin behar da.


Gazte horiek badute irratian lanpostu bat lortzeko aukerarik?
Egia esan, ez dakit. Ni 2010ean sartu nintzen Gazteara, eta garai hartan, krisi egoeran zegoen mundu hori. Asteburuetan musika jartzen hasi nintzen. Kasualitatea izan zen: curriculuma bidali nuen, langile bat lekualdatu zuten, eta ni sartu nintzen haren ordez. Lana lortzeko aukera beste lekuetan bezalakoa dela uste dut irratian ere. Bekadun sartu, gauza desberdinak probatu, jendea ezagutu... Irratian tokirik ez badago, telebistara joatea tokatuko zaizu, edo posible da Urola Kostako hitzatik deitzea. Agian, ikasketak bukatu eta ez duzu lana lortuko, baina uste dut kasu desberdinak daudela eta ez dagoela teoria finko bat.


Irratiak etorkizuna duela iruditzen al zaizu?
Bai, zalantzarik gabe. 1980ko hamarkadako abesti bat da Video Killed The Radio Star. MTV telebista kate musikala sortu zenean, esaten zuten horrek irratia hilko zuela; hori da abestiaren gaia. Baina MTVk ez zuen irratia hil, eta gure kezka antzekoa da orain sare sozialekin. Spotifyk irratia hilko du? Nik esperantza daukat hori ez dela horrela izango. Euskarri tradizional bat da irratia, baina indarra du oraindik. Gorabeherak izango dira audientzian, baina mantenduko dela uste dut.


Etsaiaz baliatzen ari zarete orduan, ezta?
Hori da bitxia, etsaiarekin bat egiten dugula. Spotify eta horrelako plataformez baliatzen gara publizitatea egiteko, baina azken finean, gure etsai nagusiak dira. Jendeak ez gaitu gu entzun nahi koronabirusaz hizketan, nahiago du musika entzun; ez du nahi txaparik irrati musikal batean. Hori da dilema: Spotify gure etsaia da, baina aldi berean, gertu izatea komeni zaigu, bizitzako alor askotan gertatzen den bezala. Hobe da beti etsaiak gertu izatea.


Eta Gaztea irratiaren etorkizuna?
Ez dakit zein izango den. Aurten 30 urte beteko ditu Gazteak, eta momentuz, hori ospatuko dugu. Asmoei dagokienez, jendea gugana erakartzen saiatzen segituko dugu, eta gizartea irratia entzutera animatzen ahaleginduko gara. Ikusiko dugu aurrerago zer gertatzen den.