2019an %36 hazi da Tokikom-eko webguneen kontsumoa

Zarauzko Hitza 2020ko ots. 21a, 12:36

Euskarazko tokiko komunikabideen Tokikom bateraguneko 30 hedabide digitaletan 36.380.205 ikustaldi izan ziren 2019an. Irakurketa "oso positiboa" egin dute Tokikometik: "2019an, 2018an baino %35 gehiago izan dira toki komunikabideetara hurbildu diren erabiltzaileak, haietako bakoitzak orrialde gehiago irakurri ditu, eta denbora gehiago pasatu du webguneetan. Urtetik urtera, etengabe sendotzen doa Tokikomen kanal digitala".

Oso pozik azaldu dira Tokikom toki komunikabideen bateraguneko kideak 2019ak utzitako datuekin. "Beldurrik gabe esan dezakegu Tokikom-eko bazkide diren toki komunikabideen edizio digitalek osatzen duten sarea oinarri-oinarrizko azpiegitura dela euskarazko edukien eguneroko kontsumoan. 2019ko trafiko datuak aztertuta, kopuruak oso esanguratsuak dira benetan".

2019 urte ona izan da euskarazko hedabide digitalen sektorearentzat. Nazioarteko tendentziei jarraiki, euskarazko medio digitalen kontsumoa %19 handitu zen 2018tik. Tokikom-eko bazkideen webguneetan hazkunde hori ia-ia bikoitza izan da: 36.380.205 orrialde erakutsi zituzten guztira, 2018an baino %36 gehiago.

Hilabeteko batez bestekoa 3 milioikoa izan zen, baina, aurreikusi zitekeen moduan, maiatzean goraldi nabarmena izan zen, udal hauteskundeen bueltan (3,8 milioi orrialde), eta abuztuan berriz, ahapaldia, udako oporrekin lotutakoa (2,3 milioi).

400.000 erabiltzailetik gertu

Erabiltzaile kopuruari dagokionez, horrek ere hazkunde nabarmena izan du, hilabetero 399.025era iritsita. Bisiten batez besteko iraupena ere luzatu egin da, bi minutu pasatxora iristeko. 2019an 122 segundokoa izan da batez bestekoa, eta 119koa 2018an. Nabarmentzekoa da taldeko hainbat komunikabidek batez besteko hori aise gainditzen dutenak:

 • Aia eta Orioko Karkara.eus (223 segundo).
 • Azpeitiko Uztarria.eus (166 segundo).
 • Goiena.eus zein Plaentxia.eus (148 segundo).

Errebote tasa ere puntu bat murriztu da, 2019an, 64,8tik 63,6ra pasatuz, eta bisita bakoitzeko ikusitako orrialde tasa ere apur bat hobetu da: 2,13tik 2,21era igoz.

Laburbilduz, datuen irakurketa oso positiboa da: 2019an, 2018an baino %35 gehiago izan dira toki komunikabideetara hurbildu diren erabiltzaileak, haietako bakoitzak orrialde gehiago irakurri ditu, eta denbora gehiago pasatu du webguneetan.

Facebooken eta sakelakoen pisua

Euskarazko komunikabideak, eta zehazki tokikoak, ez daude nazioarteko joeretatik libre. Webguneetako trafikoaren analisian ere argi geratzen da hori.

Hala, 2019an Tokikom-eko webguneetara iritsi ziren bisiten % 40 baino gehiago bilatzaileetatik iritsi ziren. Fenomeno horren azalpena da honezkero erabiltzaile gehienek, hedabidearen helbidea idatzi baino, bilatzailean sartzen dutela zuzenean webgunera iristeko. Datu zehatzik ez badugu ere, susmoa dugu bilatzaileen bidezko trafiko gehiena horrela iristen dela.

Bilatzaileen ondoren, bigarren iturri nagusia Facebook sare soziala da. Mark Zuckenbergen sare polemikoak Tokikom-eko bisiten laurden bat baino gehiago ekarri zuen joan den urtean. Ondoren, hurrengo iturririk handiena trafiko zuzena da (% 21,6), eta Twitter sare ezagunak bisita guztien % 7 baino ez zuen eragin.

Bestalde, webguneetan sartzeko gailuei erreparatuz gero, etengabe hazten jarraitzen du sakelako telefonoek trafiko osoan duten pisua. 2018ko akaberan bisiten % 64,5 egiten zen gailu mugikorretatik, eta abenduan kopuru hori % 71,43koa zen batez beste Tokikom-eko komunikabideetan. Ordenagailu arruntak bisiten laurden bat inguru dira, eta tabletak % 4 baino gutxixeago.

171 eduki egunero

Tokikom-eko komunikabide digitalen ekoizpenari dagokionez, Tokikom Plataformaren azken bertsioa erabiltzen duten webguneek guztira 62.416 eduki argitaratu zituzten 2019an, hau da 171 eduki egun bakoitzeko, batez beste.

Eduki horien artean gehienak artikuluak izan ziren (%56), ondoren agendako sarrerak (%19) eta argazki galeriak (%8). Nabarmentzekoa da eduki multimediaren pisua: galeriak, audioak eta bideoak sortutako eduki guztiaren %23 izan ziren.

Gaiei dagokienez, Gizartea, Kultura eta Kirolak izan ziren gehienetan landu zirenak, argitaratutako edukien % 40, % 22 eta % 17a osatuz.

Apustu egokiaren emaitza

Tokikom-en oso pozik daude datuok erakusten dituzten joerak ikusita. “Tokikom gorpuztu ondoren bazkideei egin genion lehenengo proposamena edizio digitalak ateratzeko bakoitzak bere aldetik egiten zituen ahaleginak bateratzea izan zen. Apustu horrek buruhauste eta lan asko ematen digu, baina datuek argi erakusten dute apustu egokia izan zela: euskarazko medioen batez bestekoaren gainetik hazten ari gara urtez urte, eta hori oso seinale ona da. Historikoki, euskarazko toki komunikabideak sortzeko arrazoi nagusienetako bat euskarazko edukien kontsumoa areagotzea da, eta zenbakiok argi uzten dute zeregin horri ondo erantzuten diogula”.

Tokikom-eko zuzendariak, Alaitz Artolazabalek, taldearen barruan pixkanaka hedatzen ari den kultura aldaketa nabarmendu du: “Zenbakietatik harago, edizio digitaletan egindako lanak ireki dizkigun bideak ere azpimarratu beharra dago. Elkarlanerako eta berrikuntzarako kultura bat zabaltzen ari gara pixkanaka-pixkanaka, eta hainbat alderditan punta-puntako medioak garela esan daiteke: hor dago publizitaterako kanal digitala, kudeaketa aurreratuan egiten ari garen aurrerapausuak, EiTB eta Eusko Jaurlaritzarekin batera lantzen ari garen EuskalPMP proiektua, Ttap eta Zut aldizkari digital natiboak sortu izana… Tradizioz arazo edo desabantaila gisa bizi izan dugun txikitasuna gure aldeko tresna bihurtzen ari gara, saretzeak ematen digun indarrari esker”.

Eduki ikusienak

Bitxikeria moduan, hauek dira 2019an Tokikom-eko toki komunikabideen sarean ikustaldi gehien izan zituzten edukiak:

 1. Aiurri.eus (Buruntzaldea): Meltxor eta Gaspar Errege Magoen gutuna Baltasarri
 2. Goiena.eus (Debagoiena): Udal eta foru hauteskundeak eta Europakoak (2019)
 3. Maxixatzen.eus (Azkoitia): Iñaki Garmendia 'Laja' trikitilaria hil da
 4. Barren.eus (Elgoibar): 36 urteko gizonezkoa da labankadaz hil dutena, eta Ertzaintzak atxilotu du ustezko erasotzailea
 5. Euskalerriairratia.eus (Iruñerria): Elkartasunerako deia egin du Argia Ikastolak

Webgune bakoitzean urtean gehienetan ikusi den edukiari erreparatuta, edukirik arrakastatsuenak gertakariekin lotutakoak dira, Gizartea atalekoak ondoren, eta, 2019an bereziki, Korrika eta Hauteskundeak.

Tokikom-eko webguneak
Webgunea Eremua Lurraldea
https://28kanala.eus Tolosaldea Gipuzkoa
https://aiaraldea.eus Aiaraldea Araba
https://aikor.eus Txorierri Bizkaia
https://aiurri.eus Beterri-Aiztondo-Buruntza Gipuzkoa
https://alea.eus Araba Araba
https://amezti.eus Ultzama-Basaburua Nafarroa Garaia
https://anboto.org Durangaldea Bizkaia
https://antxetamedia.info Bidasoaldea Lapurdi
https://baleike.eus Zumaia Gipuzkoa
https://barren.eus Elgoibar, Mendaro Gipuzkoa
https://erlotelebista.eus Urola-Kosta Gipuzkoa
https://erran.eus Baztan, Bortziriak, Malerreka Nafarroa Garaia
https://euskalerriairratia.eus Iruñerria Nafarroa Garaia
https://geuria.eus Hego Uribe Bizkaia
https://gitb.eus Goierri Gipuzkoa
https://goiena.eus Debagoiena Gipuzkoa
https://guaixe.eus Sakana Nafarroa Garaia
https://hiruka.eus Uribe-Kosta Bizkaia
https://karkara.eus Orio, Aia Gipuzkoa
https://kronika.eus Urumealdea Gipuzkoa
https://mailope.eus/ Araitz-Betelu, Larraun, Lekunberri Nafarroa Garaia
https://maxixatzen.eus Azkoitia Gipuzkoa
https://noaua.eus Usurbil Gipuzkoa
https://oizmendi.eus Busturialdea, Lea-Artibai Bizkaia
https://plaentxia.eus Soraluze Gipuzkoa
https://txintxarri.eus Lasarte-Oria Gipuzkoa
https://uriola.eus Bilboaldea Bizkaia
https://urolakosta.hitza.eus/ Urola-Kosta Gipuzkoa
https://uztarria.eus Azpeitia Gipuzkoa
https://zarauzkohitza.eus Zarautz Gipuzkoa