Kronika: Zast-Ulaciaren balentria etxean, multzoko bigarrenari irabazita

Zast Saskibaloia 2020ko ots. 24a, 13:42

EBA saskibaloi ligako AA multzoan jokatzen duen Zast-Ulacia taldeak balentria handia egin zuen atzo Santanderreko Hara Hoteles bigarren sailkatuari 77-74
irabazita. Luzapenean erabaki da Zarauzko Aritzbatalde kiroldegian jokatu den partida bikain eta emozioz beterikoa, ligako 21. jardunaldiari zegokiona.

Partida hasterako bi berrikuntza zituen Zast-Ulaciak, horietako bat oso pozgarria eta taldeak
aspalditik espero zuena: lesio luze baten ondoren, kantxetara bueltatu da Jon Sanz jokalaria.
Taldeak benetan eskertu du Jonen itzulera, oso minutu onak eman baititu kantxaren bi
aldeetan. Bigarren berrikuntza Boni Almeida jokalariaren errefortzua izan da. Minutu gutxi izan
ditu, baina igarri da bere indarra, batik bat defentsan.

Hasiera-hasieratik abiatu da Zast-Ulacia partidaren bila, bereizgarri duen defentsan bikainean
oinarrituta. Bi minutu baino gehiago behar izan dira partidako lehen saskiratzea ikusteko.
Etxeko jokalari Aitzol Eguzkitzak sartu du, eta bera izan da, partiduaren amaieran,
saskiratzailerik onena, hogeita hiru puntu sartuta.

Zarauzko taldearen defentsa onaren adierazle garbia izan da multzoko bigarren sailkatua, Hara
Hoteles taldea, hogeita bederatzi puntutan utzi duela atsedenaldian. Laguntzen sare bizkor eta
eraginkor baten bultzadaz, zalantza handiak eragin dizkio Santanderreko taldeari, eta
zarauztarrek osatutako amaraunean kateatu dira.

Atsedenaldiaren ondoren, ordea, asko aldatu da partida. Zarauztarren laguntza bidezko
defentsak hiruko jaurtiketa errazak utzi dizkio aurkariari eta Santanderreko taldeak hainbat
hiruko saskiratu ditu. Etxeko taldeak, gainera, zortzi puntu baino ez ditu saskiratu hirugarren
laurden osoan, eta aurkariak laurden horren azken segundoan sartutako hiruko batek puntu
bat gora jarri du kanpoko taldea azken laurdenaren atarian.


Hirugarren laurdenaren amaieran jaso duen kolpe psikologikoa igarri du Zarauzko taldeak eta
Hara Hoteles taldea sei puntu gora joan zaio laugarren laurdenaren lehen minutuetan. Zast-
Ulacia ez zegoen, ordea, etsitzeko prest, eta zaleen animoek hauspotuta, erabakimenez joan
da partidaren bila. Jon Sanzek sartutako hiruko batek Santanderreko taldearen goranzko
joera eten du, eta defentsaren erritmoa berreskuratuta, markagailuak berdinketa erakutsi du
partidaren arauzko berrogei minutuak amaitzean.


Norgehiagoka erabaki arte inor ez zegoen bere aulkitik altxatzeko prest, jokoa benetan bizkorra,
emozioz beterikoa eta intentsitate handikoa baitzen kantxan. Etxeko taldeak beste mirakulu
bat egin behar izan du irabazteko, berriro ere aurkariak baino errebote gutxiago jasota irabazi
behar izan baitu partida, hamabi errebote gutxiago jasota. Askotxo, saskibalorako.


Luzapeneko protagonista Rafael Silva jokalari angolarra izan da. Partidan zehar ez du askorik
asmatu jaurtiketetan, baina taldeak harengan sinesten jarraitu du eta bere esku utzi ditu
partidako baloi beroenak. Ederki erantzun dio jokalari angolarrak konfiantza horri eta bere
hiruko saskiratze batek eta zenbait jaurtiketa librek etxekoen alde erabaki dute partidua.
Beste saskibaloi arratsalde magiko bat izan dugu, beraz, Zarauzko Aritzbatalden Zast-Ulaciarekin.