Hileko lehen astearteetarako, literatur dosia

Itxaro Borda ‘Buztinezko etorkizuna’ testuaren irakurraldian, Azkoitiko Matadeixen. (Ainhoa Beristain)

Euskal literaturan erreferente diren hainbat sortzailek bisitatuko dute Garoa liburu denda datozen hilabeteetan. Zarauzko LGTBI+ taldeak Literatur Kibiztak egitasmoa antolatu du, eta lehen lau saioak iragarri dituzte.

oraingoz zarata handirik atera ez duten arren, bi urte inguru darama biltzen Kibizta taldeak; Zarauzko LGTB+ komunitateko kideek osatzen dute Kibizta. Aurkezpen ofizialik ez dute egin, baina tarteka-marteka ekintzaren bat antolatu dute. Esaterako, duela bi urteko Chocolate Remix jaialdia, Putzuzulo gaztetxean. 

Beraien eskutik dator, asteartetik aurrera–martxoak 3–, Literatur Kibiztak izeneko egitasmoa. Aurrez, irakurle talde bat bazebilen martxan duela hilabete batzuetatik queer fikzioa lantzen, eta 2020ari begira, literaturzaletasun horren fruitua izan da antolatu duten literatura ziklo berria.

Hileko lehen astearteetarako liburu aurkezpenak, irakurraldiak, hitzaldiak eta literaturarekin lotutako beste hainbat hitzordu antolatu dituzte. Iluntzeetan izango dira saio guztiak, 19:00etan hasita, Garoa liburu dendan. 

Leire Lopez Ziluaga antolatzaileak azaldu duenez, literaturan "hutsune hori" ikusten zutelako jarri ziren ekimena antolatzeko martxan. Halako gaiak ere landuko badituzte ere, saio guztiek ez dute zuzeneko loturarik izango LGTB+ mugimenduarekin, eta dagoeneko lehen lau saioak iragarri dituzte. Sarrera librea izango dute hitzordu denek, eta lau horien ostean ere ekimenarekin jarraitzea da asmoa.

Literatur Kibiztak

  • Martxoak 3, asteartea. Buztinezko etorkizuna irakurraldi musikatua, Itxaro Bordaren eskutik. Testu "distopiko eta apokaliptikoan" barneratuko da baionarra. Plastikoaren kosmografia eta lurraren amiltzea erabiliko ditu ahoan iragarle totelak. IbonRG musikaria izango du ondoan, irakurketa girotzen sintetizadore hotsez.
  • Apirilak 7, asteartea. Moio. Gordetzea ezinezkoa zen iaz argitaratutako liburuaren aurkezpena egingo du Kattalin Minerrek. Aimar Elosegi Ansa Moio lagunaren memoria eraikitzen du hainbat pertsonarekin izandako elkarrizketen bidez (Moioren kuadrillako lagunekin, haren anaiarekin, Brayan Altimas hernaniar trans gaztearekin, Medeak taldekoekin, Moioren azken gutuna argitaratu zuen Iratxe Retolazarekin, omenaldian kantatu zuen Maialen Lujanbiorekin…). Memoria intimoa eta transfobiaren salaketa politikoa biltzen ditu lanean. 

  • Maiatzak 5, asteartea. Aterkiak, hiriak eta zauriak. Euskal nobeletako LGTBQ bizitzak. Azken hamarkadetako euskal nobelek LGTBQ pertsonaiak nola irudikatu dituzten aztertuko du Ibon Egañak: ibilbide orokor bat egin, zer irudikapen egin diren, zer ikuspegi eta zer gai landu diren...

  • Ekainak 2, asteartea. Lerro etena iaz argitaratutako liburua aurkeztuko du Angel Errok. 2004 eta 2018 bitarteko bere egunerokoen pasarteak eta garai bereko beste zenbait testu pertsonal biltzen ditu liburuak: kultur giroari buruzko gogoetak, literatur inguruko txutxumutxuak, familia-kontuak, gorabehera sentimentalak, osasunari edo lanari loturiko kezkak, irakurketak, iruzkinak, txantxak....