Moila udalak konponduko du, beste erakundeen zain egon gabe

Onintza Lete Arrieta 2020ko ots. 27a, 15:52

200.000 euro kostako da, eta aseguru etxea kargu egingo den arren, udalak aurreratu behar du dirua; horregatik, ezingo dute autokarabanen aparkalekua egin Itxasmendin.

Denboraleak Zarauzko moilako horman zulo handia egin zuen otsailaren 12an, eta ondorengo egunetan zuloa handituz joan zen itsaso zakarragatik. Ordutik Zarauzko Udala lanean aritu da moila konpontzeko eman beharreko pausoak zehazten, eta gaur eguerdian prentsaurrekoan azaldu dituzte hartutako erabakiak Xabier Txurruka alkateak eta Iker Basurko Mugirkotasun zinegotziak. Horietatik garrantzitsuena, moila udara aurretik konponduta egongo dela. 

Moila Espainiako Kosta Zuzendaritzaren ardura da, baina Txurrukak azaldu du 2015ean eskumena udalari laga ziola hark. Horri esker, ordutik mantentze lanak udalak berak egin ditu. Oraingo lanak, ordea, garrantzitsuagoak dira. Udalaren aurreikuspenen arabera, 200.000 euro inguru kostako da zuloa konpontzea eta moila lehengora ekartzea, eta ekainerako lanak amaituta egon daitezke. Udarako dena prest egoteko, ordea, laster hasi beharko dira obrak, eta horregatik, udalak erabaki du diru hori berak aurreratzea. Aseguru etxeekin hitz egin dute, eta dirua bueltan jasoko dutela uste du alkateak, baina ez dakite noiz.  

2020ko udal aurrekontuak jada behin betiko onartuta daude. Horregatik, Txurrukak azaldu du udalak aurrekontuetako partidaren bat aldatu behar izan duela bat-batean etorri den gastuari aurre egiteko, eta erabaki dute oraingoz autokarabanentzako aparkalekurik ez egitea Itxasmendin, eta diru hori erabiltzea moila berritzeko. 

Autokarabanentzako aparkalekua Abendañon dago gaur egun, eta udan hantxe jarraituko du, baina espazioa zabaldu egingo dute ondoko partzelara. Udalarena da eta hutsik dago partzela, etorkizunean udal brigadaren eraikina egiteko erabiliko delako. Behin-behinean, ordea, hantxe egingo dute aparkalekua, eta udalak ez du baztertu aurrerago Itxasmendin jartzeko aukera. 

Bestalde, udalak argi dauka moilak behar duela bestelako obrarik ere. Iker Basurko zinegotziak atzo azpimarratu zuen herriko ondarea dela moila, eta babestu egin behar dela. Horrek, ordea, aurrekontu askoz handiagoa eskatzen du, eta Txurrukak zehaztu zuen kostu horri ezingo liokeela udalak bakarrik aurre egin. Zailtasun hori gainditzeko soluzio egokia topatzeko lanean hasia da udala. 


Mugikortasun azterketa


Itxasmendin oraingoz autokarabanentzako aparkalekurik egingo ez duten arren, aparkalekuekin lotutako beste zenbait neurri hartuko dira, gaur jakinarazi dutenez. Aste honetan bildu da udala auzotarrekin, eta haiek eskatu omen diote erregulatzeko haur eskola aurrean dagoen aparkalekua. Txurrukaren esanetan, gaur egun batzuek hantxe uzten dute autoa uda osoan. Uda honetatik aurrera erregulatuta egongo da, eta horrelako gertaerak saihestuko dituzte. 

Dena den, oraindik ez dago argi TAO sistema ezarriko den, ala besteren bat. Basurkok gogorarazi du, izan ere, udala herri osoko mugikortasun azterketa ari dela egiten, eta herri osoa kontuan hartuta erabakiko direla neurriak. Azterketa laster amaituko dute, eta Mugikortasun zinegotziak jakinarazi du azterketaren emaitzak martxoan bertan egingo dituztela publiko.