Bihar zabalduko dute Torreoi eraberritua

Onintza Lete Arrieta 2020ko ots. 27a, 18:09
(Xabi Txurruka)

Informazio zehatzik ez dagoen arren, udalak aurreratu du maiatz inguruan inaugurazio festa egingo dutela auzotarrekin.

Amaitu dituzte Vista Alegre auzoaren gainaldean dagoen Torreoiko lanak, eta udalak jakinarazi du bihartik aurrera herritar ororentzat irekita egongo dela egunez nahiz gauez. Eraberritze lanak egiteko itxita egon da iazko urtarriletik, eta 700.000 euro inbertitu ondoren zabalduko dute.

Oraingoz informazio zehatzik ez du eman udalak, baina aurreratu du maiatz inguruan inaugurazio festa egingo dutela auzotarrekin, eta udaleko hainbat sail jada hasi direla han emanaldiak eskaintzeko pausoak ematen. Izan ere, Xabier Txurruka alkateak adierazi du herriko agertoki bat gehiago izango dela aurrerantzean. Udalaren asmoez gain, ordea, hainbat eskaera partikular jasotzen hasi dira agintariak, eta horien erabilera erregulatu egin beharko dutela azaldu du Txurrukak.

Torreoia irekita egongo da gauez ere, eta horregatik, argiztapen automatikoa jarri dio udalak. Hala, 23:00ak inguruan, ilun geldituko da inguru hori.Bertaratzerik ez duenak argazki bilduma ikusteko aukera izango du atari honetan bertan, gaur arratsaldetik aurrera.