Sasoiari ekiteko prest dira Jira-Bira taldeko hamahiru txirrindulariak

Zarauzko Hitza 2020ko ots. 29a, 09:35
Atzo aurkeztu zuten taldea Modelo aretoan. (@jirabira)

Eulen taldeak babestuta, atzo aurkeztu zuten Modelo aretoan afizionatuen mailako 23 urtez azpiko Jira-Bira txirrindularien taldea. Aurten hamahiru txirrindulari daude taldean, eta horietako bi dira zarauztarrak.

19 eta 23 urte arteko txirrindulariak dira Jira-Bira taldea osatzen dutenak. Euskaldun eta Lehendakari txapelketak izango dituzte asteburu honetan, eta gogotsu daude lehiari ekiteko. Txirrindularietatik bi zarauztarrak dira (Iñigo Eizagirre eta Haritz Erasun), baina badira eskualdeko beste bi ere: Zestoako bat eta Aizarnazabalgo bat. Horiez gain, bi urretxuar, bi arrasatear, gasteiztar bat, palentziar bat eta Ipar Euskal Herriko (ez dute zehaztu nongoak) bi txrrindularik osatzen dute taldea. Ondorengoak dira taldea osatzen duten gainontzeko mutil gazteen izenak: Alex Uranga, Gaizka Gurrutxaga, Santiago Martinez, Alex Diaz, Xabier Isasa, Vicent Arhie, Xabier Azkarate, Joseba Lopez, Patxi Darthayette eta Ion Ibarluzea.

Gaur Zumaian

Lehen erronka Euskaldun txapelketako jardunaldia izango dute, Zumaian, etxetik gertu. Gaur goizean bertan izango da lehia; lasterketak bere esentzia ez du galdu eta denboraldian zehar gutxitan bezala, esprinterrek aukera garbi garbia izango dute garaipena lortzeko. Halaxe gertatu da aurreko 11 edizioetan; beti esprintean erabaki da garailea. Ibilbideak 122,5km ditu. Aurrena saihesbidetik hiru itzuli emango dira, eta ondoren sei zakila bira: Zumaia, Bedua, Oikia, Muniosoro, Aizarnazabal, Iraeta, Arroa, Narrondo eta Zumaia. Kilometro horiek osatuta, Axular etorbidean erabakiko da lasterketa.

Bihar, Ereñora joango dira txirrindulariak, Lehendakari txapelketan lehiatzera. Kasu horretan, 105 kilometrokoa izango da egin beharko duten ibilbidea.