Aingeru Guardakoaren Eguna ospatu dute Iñurritzako jubilatuen elkartean

Zarauzko Hitza 2020ko mar. 2a, 08:15

Igandea egun berezia izan dute Iñurritzako jubilatuen eta pentsionisten elkartean: meza entzun, elkarrekin bazkaldu eta dantzatu, eta 90 urte bete dituzten kideak omendu. Aingeruaren irudi berria ere estreinatu dute, gainera, Xabier Egaña artistak eginikoa.

Martxoaren lehena egun handia izaten dute Iñurritzako jubilatu eta pentsiodunen elkartean. Meza entzun, elkarrekin bazkaldu, 90 urte bete dituztenak omendu, eta dantzan aritu, Txapas eta haren soinuari esker.

Atzo ere horixe egin zuten. Berezitasun batekin, ordea: aingeruaren irudia berritu dutelako aurten. Xabier Egaña artistak egin die koadroa, eta atzo bertan erakutsi zieten elkartean bildutakoei, eta azalpenak ematen izan zen Egaña bera.

Aurten bi omendu

Rodolfo Glass eta Maria Mitxelena auzotarrek bete dituzte 90 urte aurten, eta horiek jaso zuten omenaldia. Lore sorta eta otartxoa jaso zituzten elkarteko kideen partetik (beheko irudietan ageri dira biak).