Aner Peritzek, Nerea Isusik, Uxue Ostolazak eta Amets Aizpuruak hartuko dute parte Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketan

Bat-bateko lehiak hiru kanporaketa eta finala izango ditu, eta guztira hamasei bertsolarik parte hartuko dute. Finala Lasturren izango da apirilaren 3an.

Urola Kostako zazpi bertsolari ari dira parte hartzen Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketan, horietako hiru zarauztarrak: Aner Peritz, Nerea Isusi eta Uxue Ostolaza. Gainera, Amets Aizpurua getariarra ere Zarauzko eskolakoa da, Etxe-Beltz bertso eskolakoa.

Lehen kanporaketa ostiralean jokatu zen Oñatiko Larrain-Gain elkartean, eta Naia Arrizabalaga azkoitiarra izan zen eskualdeko bakarra bertan kantatzen. Beñat Mateosek, Ekain Tolaretxipik, Maider Garmendiak eta Oibar Olanok ere hartu zuten parte. Unai Belaustegik jarritako ariketak egin behar izan zituzten guztiek, eta epaimahaiak hala erabakita, Maider Garmendia izan zen nagusi.

Bat-bateko lehiak hiru kanporaketa eta finala izango ditu, eta guztira hamasei bertsolarik parte hartuko dute. Zarauztarrez gain bada eskualdeko gehiago: Xabier Albizu azpeitiarra eta Joar Garate eta Irati Arakistain zumaiarrak.

Zarauztar guztiak martxoaren 13an

Bigarren saioa ostiralean izango da Ikaztegietako Herrigintza elkartean, eta honako sei bertsolari hauek ariko dira kantuan: Xabier Albizu, Ane Zubia, Irati Arakistain, Hodei Munduate nahiz Joar Garate. Saroi Jauregik egingo ditu gai-jartzaile lanak. Aste honetako saioa pasatuta, azkena soilik faltako da.

Hirugarren kanporaketa hori Ereñozuko Ur-Mia elkartean izango da martxoaren 13an. Amets Aizpurua, Aner Peritz, Jon Mendiluze, Nerea Isusi, Olatz Zuazubiskar eta Uxue Ostolaza ariko dira lehian.

Hiru kanporaketetako irabazleak nahiz puntuazio altuena duten beste hiru bertsolari sailkatuko dira finalera; saio hori Lasturko tabernan egingo dute apirilaren 3an. Saio guztiak afalostean izango dira, eta afaltzeko txartela eskuratu nahi duenak Bertsosarrerak.eus webgunean du horretarako aukera. Sarrerak saioaren aurreko ostegun eguerdira arte izango dira eskuragarri.

Idatzizko txapelketa

Idatzizko txapelketarako saioak ere jarri dituzte dagoeneko Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak eta Ikastolen Elkarteak. Hain zuzen ere, goizez egingo dituzte zortzi saio martxoaren 10etik 27ra bitartean. Hitzordu horietan gaia emanda bertsoak sortzeko aukera izango dute gaztetxoek, eta ondoren, bertso saio didaktiko batez gozatzeko aukera izango dute.

Azpeitian egingo dute saio horietako bat, Urola Kostako bakarra; hain zuzen ere, martxoaren 25ean izango da, Basazabal jauregian.