Elena Aldaz eta Xeferino Agirre nagusi Lehendakari Txapelketako bigarren jardunaldian

Bola eta toka jardunaldia izan da igandean Zelai Ondon. Bolatan 70 parte hartzaile baino gehiago izan dira: emakumezkoetan etxekoa nagusitu da, eta gizonezkoetan, berriz, segurarra.

Zelai Ondoko bolatokian atzo jokatu zen Lehendakari Txapelketako bigarren jardunaldia, eta Xeferino Agirre segurarra nagusitu zen. Bigarren eta hirugarren postuetan berdinketa egon zen Juan Pedro Agirre legazpiarraren eta Martzelino Agirre segurarraren artean. 44 birlarekin, denak.

Laugarren postua Zelai Ondoko bola eta toka klubeko kide Jexus Atorrasagastik eskuratu zuen 43 birlarekin. Berdinketa hautsi behar izan zuen, hori bai, Josu Lasaren aurka.

Sailkatutako lehen emakumea ere Zarauzko taldekidea izan zen, Elena Aldaz, 41 birlarekin, eta lehenengo postuan jarri zen Lehendakari Txapelketako emakumeen sailkapenean. Bolatan hamabost emakumek eta 59 gizonezkok hartu zuten parte.
 
Tokan, berriz, 31 gizonezko eta zazpi emakume aritu ziren. Onena Antonio Amundarain izan zen, 13 ukiturekin. Bigarren tokia Pruden Olanorentzat izan zen 12 ukiturekin, eta hirugarren tokia, berriz, Karlos Irastorzarentzat, 11 ukiturekin.