Mikel Usandizaga: "Hirugarren kilometrorako hankak lehertuta nituen"

Antolakuntzak marka onenak lortu zituzten aiarrak saritu zituen. (Iñigo Gaiton)

Mikel Usandizagak (Zarautz, 1994) lehen aiarraren saria jaso zuen Aiako IX. Mendi Lasterketan. Gustura itzuli zen etxera duela hamabi urtetik Aian bizi den korrikalaria. 

Nola laburtuko zenuke igandeko lasterketa?
Egia esan, gogorra izan zen. Ibilbideko hasierako zatia oso intentsoa da, plazatik atera eta berehala aldapa igotzeari ekiten zaiolako. Hirugarren kilometrorako hankak lehertuta nituen.

Zer egoeratan topatu zenuten ibilbidea?
Lokatz asko zegoen, baina  gehiago egotea espero nuen; igande goizean eguraldi ona izan genuen, eta horregatik izango zen gutxixeago, ziurrenik. Mendien tontorretan haizea indartsu zebilen, eta horrek ere ez zigun gehiegi lagundu. Dena den, orokorrean lasterketa egiteko baldintza onak izan genituen.

Lokatzaren ondorioz, erorikoren bat edo izan al zenuen?
Bai, baina ez nuen minik hartu. Proba bukatutakoan,partaide dezente ikusi nuen gorputzean jela-koskorrak jarrita, erorikoen golpeak zaintzen.

Lehen aiarra izateko helburuarekin ekin al zenion lasterketari?
Ez, ez. Banekien horretarako aukerak izango nituela, baina ez zen nire helburu nagusia. Entrenamendu onak egin ditut azkenaldian, eta nire buruari jarritako marka jaistera atera nintzen. Iaz ordu bat eta hemeretzi minutu behar izan nituen ibilbidea osatzeko, eta lortu nuen denbora hori hobetzea. 

Zer moduzko giroa izan zenuten korrikalarien artean?
Oso ona. Elkarri animoak emanez egin genuen ibilbidea. Bestalde, ikusle dezente batu zen batean eta bestean, eta animo oihuak asko eskertzen dira. 

Aiakoa al da zuretzat denboraldiko zita garrantzitsuena?
Ez, plangintza Orioko Mendi Lasterketari begira antolatu dut aurten. Ibilbide motzean lehiatzeko asmoa daukat, hamar kilometro eta erdikoan, distantzia horretan luzean baino hobetomoldatzen naizelako. 

Zer desberdintasun dute Orioko eta Aiako lasterketek?
Aiakoan, herriko plazatik atera eta zuzenean aldapan gora egiten da. Oriokoan, berriz, lehen bi kilometroetan gorputza berotzeko eta erritmoa hartzeko aukera izaten da, asfaltoan egiten delako korrika, lurzoru lauan.

Ikusi hemen probako argazki galeria.