Jakinmina piztu du Euskaraldiaren bigarren edizioak

Zarauzko Hitza 2020ko mar. 4a, 13:04
Aurkezpen saioetako bat. (Utzitakoa)

Udazkenean egingo dute 2020ko Euskaraldia. Hamabost eguneko ariketa izango da, eta egunotan egitasmoaren nondik norakoak azaltzen ari dira antolatzaileak. Gaur enpresentzako aurkezpen saioa egongo da, Gaztelekuan.

Elkarte ugaritako kideak bertaratu ziren atzo Euskaraldiaren aurkezpen saiora. Antolatzaileek azaldu dute "pozgarria" dela herrian "euskararekiko konpromisoa" badagoela ikustea. Bigarren edizioaren inguruko azalpenak ematen ari dira saioetan. Izan ere, ariketa norbanakoek egingo badute ere, taldeka parte hartzeko aukera egongo da aurten, Ariguneetan. Entitateen izen-ematea zabalik egongo da uztailera arte, eta egitasmoaren arduradunek herritarrak animatu dituzte ariketa kolektiboki ere egitera, hamabost eguneko ariketa horretan.

Gaur izango da informazio saio horietako azkena, enpresei zuzendua. Jakinarazi dute bestelako entitateak ere joan daitezkeela informazioa jasotzera, azken finean, prozesua bera izango delako talde guztientzat. Gaztelekuko hirugarren solairuan jarri dute hitzordua, 19:00etan.