Iritako hirigintzaren jarraipenerako batzordea sortu dute auzotarrek

Zarauzko Hitza 2020ko mar. 6a, 09:30

Irita inguruan egitekotan diren autokarabanentzako aparkalekuarekin arduratuta daude Itxasmendiko herritarrak. Momentuz atzeratu egin dute proiektua, baina hartzen diren erabakien inguruko jarraipena egiteko asmoa dute auzotarrek.

Itxasmendiko hainbat bizilagunek ohar bidez jakinarazi dute, beste hainbat konturen artean, batzorde bat sortzea erabaki dutela, autokarabanentzako aparkalekua egiteko asmoak sortutako tira-biraren harira. Talde horren zeregina izango da Iritako hirigintza planen jarraipena egitea eta hainbat egitasmo martxan jartzea; esaterako, gaiaren inguruko auzo galdeketa.


Batzordeak gogora ekarri du alkateak otsailaren 4an egin zuela auzotarrekin informazio bilera. Itxasmendikoak proiektuarekin desados zeudela eta, handik hilabetera beste hitzordu bat jarriko zuela esan zuen, batzordearen esanetan. Otsailaren erdi aldera, "bizilagunek hala eskatuta", Itxasmendiko auzo elkarteak hilaren 27rako bilera deitu zuen auzotarrentzat, aparkamenduaren inguruko iritziak elkarbanatu ahal izateko "alkatearekin bildu baino lehen". 


Alkateak, ordea, hilaren 26rako finkatu zuen bere batzarraren data –auzo elkartearen bileraren bezperarako. 26ko bileran iragarri zuen alkateak autokarabanentzako aparkalekuaren  proiektua atzeratu egingo zutela, portuaren konponketa "presazkoagoa" delako. Horrez gain, batzordeak jakinarazi du Xabier Txurrukak azaldu zuela Udal Gobernua dela erabakiak hartzen dituena, "eta punto". "Kontsultak soberan daude", gaineratu dute oharrean. Horren aurrean, aurrez aipatutako batzordea sortzea erabaki dute auzotarrek, gaiaz informatzen jarraitzeko.