Galerna Morea talde feminista sortu dute Oteitza Lizeoan

Zarauzko Hitza 2020ko mar. 7a, 14:59

"Oteitzan feminismoaren arloan ikusitako hutsunea betetzeko helburuz" sortu dute taldea aurten, eta lehen ekintzak Martxoaren 8aren bezperan egin dituzte, ostiralean.

Galerna Morea jarri diote Oteitza Lizeoko hainbat neskek osatu berri duten talde feministari. "Oteitzan feminismoaren arloan ikusitako hutsunea betetzeko helburuz" sortu dute taldea, eta jada egin dituzte aurreneko ekintzak. Hain justu, Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira antolatu eta gauzatu dituzte protestak, ostiralean.

Eskolak hasi aurretik mezu feministadun kartelak eskegi zituzten pasilloetan, eta 10:30ean ekitaldia egin zuten Gaztelekuko frontoian. Bertan bi testu irakurri zituzten: batetik, Euskal Herriko Neska Gazteak taldeak Martxoaren 8aren harira osatutakoa, eta bestetik, Galerna Moreak berak osatutakoa.

Ondoren gitarraren laguntzaz Itsaso Paiaren Begi Umelak abestia kantatu zuten, eta dantzatzeko eta aldarrikatzeko tenorea ere izan zuten, Bortxatzailea nor da? zu! abestiaren koreografia eginez.