Bola eta toka berreskuratzen

Aitziber Arzallus - Gipuzkoako Hitza 2020ko mar. 7a, 17:30
Artxiboko irudia.

Joan den igandean, bola eta toka jokoetan aritu ziren Zarauzko Zelai Ondo auzoko bolatokian. Hain zuzen ere, Lehendakari Txapelketako bigarren jardunaldia jokatu zuten. Bolatan, 70etik gora lagunek parte hartu zuten. Tokan, berriz, 31 parte hartzaile izan ziren. Bada zerbait, kontuan izanda duela urte batzuk erabat galduta egon zirela bola eta toka Zarautzen.

Zelai Ondoko Bol & Tok elkartea da azken urteetan bi kirol horiek berreskuratzeko lanean diharduena, eta Txema Fernandez da elkarte horretako presidentea. Gustura dago bola eta toka herrian hartzen ari diren indarrarekin. Baina, elkarte gisa, badute udalarentzat eskaera bat: bolatoki estalia behar dute.

Garai batean Zarautzen bolarako eta tokarako afizio handia zegoela gogoratu du Fernandezek. “Izango dira berrogei bat urte Zelai Ondo auzoan bolatoki bat egin zutela”, hasi da. “Guk orduan 16-20 urte bitartean izango genituen, eta auzoko zaharrenei begira ikasi genuen jokatzen”. Gerora, ordea, galdu egin zela dio. “Materiala egurrezkoa zen, eta zaintza eskatzen zuen, eta bolatokia bera ere estali gabekoa zenez, beti geunden eguraldiaren mende”.

Duela urte batzuk, ordea, berriz hasi ziren jokatzen. “Gaztetxearen urteurren baten bueltan hasi zen dena”, Fernandezen esanetan. “Auzoan bolatokia zegoela ikusi zuten, eta urteurreneko ospakizunen artean bola txapelketa antolatzea erabaki zuten, baina inork tiratzen jakin gabe”.

Jarraitu irakurtzen Gipuzkoako Hitzaren atari digitalean.