M8, Emakume Langilearen Eguna

"Gizonei esan nahi dizuegu indarkeria matxista zuen kontua dela: zuen-zuena"

Onintza Lete Arrieta 2020ko mar. 8a, 17:32

Ehunka herritar atera da eguerdian kalera Emakumeen Nazioarteko Egunarekin bat egin eta borroka feminista babestera. Dantzak protagonismo berezia izan du manifestazioaren ibilbide osoan zehar.

Antolatu indarrak, batu borroka feministara lelo hartuta atera dira kalera ehunka zarauztar 12:00etan, eta dantza eta musika oso presente egon da ibilbide osoan zehar. Hasteko, Zaratakun batukada taldearen erritmoa joan da manifestazioaren buruan aurreneko metroetan; Lege Zaharren enparantzatik Frontoi Txikira arteko bidean. Han aurreneko dantza saioa egin du emakume talde batek. Salsa doinu alaiekin ikusleen txalo zaparrada jaso dute.

Manifestazioak errepide nagusirantz egin du, eta ondoren beste pare bat geldialdi egin ditu.

Esaterako, Emakumeen Etxea egongo den eraikinaren aurrean, Sorgin dantza egin du hainbat emakumek, eta Emakume Kontseiluko kideak omentzeko tenorea izan dute. Esker oneko hitzak eskaini dizkiete, baita lore bana eman ere. Koordinadora Feministako Edurne Epeldek eman ditu arrazoiak: "Herri hobe baten alde, herri parekide baten alde lanean ari dira emakume hauek, erasoen eta sexismoaren kontra, eta Emakumeen Etxea bezalako proiektuak aurrera ateratzen. Eskertu nahi diegu egiten duten lan izugarria".

Munoan ere egin dute geldialdia. Antzezlan txiki bat egin dute hiruzpalau lagunek maskara zuriak soinean jantzita. Hitzik gabe, azaleratu nahi izan dute egunean zehar zenbat lan eta ardura hartzen dituzten emakumeek beren gain, eta horren guztiaren eromena transmititu nahi izan dute.

Manifestazioa amaitzeko, berriz, hitz batzuk egin dituzte hainbat emakumek han bildutakoen aurrean: "Begiak estalita ere, badakigu nor den patriarkatua. Eta gizonei esan nahi dizuegu, indarkeria matxista zuen kontua dela, zuen-zuena. Hausnartzen eta aldatzen hasteko garaia da. Eta argi diogu: errua ez da gurea. Gurea autodefentsa feminista da. Aurten ere borrokan gaituzte. Gora borroka feminista".

Dantzan hasi, eta dantzan amaitu. Txiletar feministen dantza eginez amaitu dute eguerdiko protesta.

Putzuzulo gaztetxean bazkaldu dute askok, eta arratsaldean ere musika eta dantza saioak izan dira protagonista aldarrikapen egun honetan.