Ibai Makazagak eta Ainara Urrutiak irabazi dute Mahasti Krosa

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2020ko mar. 9a, 09:00

Paisaia ederretan aritu dira lasterka parte hartzaileak, Talai Berri txakolindegiaren mahastietan gora eta behera. Zazpi kilometro eta erdi egin dituzte guztira. Helmuga gurutzatu duten lehen zarauztarrak Guillermo Vahl eta Nerea Amilibia izan dira, eta hirugarren eta bigarren geratu dira sailkapenean, bakoitza bere kategorian.

 

00:33:44ko denboran amaitu du Mahasti Kroseko ibilbidea Ibai Makazaga oriotarrak. Aurreko bi aldietan irabazi duen Ander De Luisek ezin izan zuen Makazaga garaitu eta haren atzetik iritsi zen, minutu eta hamasei segundo beranduago. Gizonezkoen podiuma Guillermo Vahl triatleta zarauztarrak osatu zuen, zazpi kilometro eta erdiak 00:35:42ko denboran osatuta.

Emakumezkoetan, berriz, Aretxabaletako Ainara Urrutiak egin zuen denborarik onena: 00:41:21. Bigarrena Nerea Amilibia zarauztarra izan zen, 00:43:11ko denbora eginda. Hirugarren, berriz, Usurbilgo Rosa Uribe, 00:43:20ko denborarekin. Hala, Makazagak eta Urrutiak beren pisua adina kilo txakolin eraman zituzten etxera atzokoan.

Lehia amaitutakoan, txakolina eta Eusko Label elikagaiekin egindako pintxoak dastatu ahal izan dira txakolindegian bertan. Caritasek esku hartu du ekimenean: ateratako dirua Eusko Label produktuak erosteko erabiliko dute eta, ondoren, produktu horiek Caritasi berari emango zaizkio.

Sari-banaketakoa argazkia Lorentxo Portularrumek utzia da.

Probako sailkapena osorik ikusgai dago herrikrosa.eus atarian.