M8, Emakume Langilearen Eguna

Maria Jauregi Liga izena jarri diote plaieroetako emakumezkoen txapelketari

Zarauzko Hitza 2020ko mar. 9a, 11:23
Talde argazkia atera zuten atzo emakumeek partidak hasi aurretik (Hondartza futboleko antolakuntza)

Orain arte gizonezkoen izenak bakarrik izan dituzte hondartza futboleko sariek; Paco Urkia, Juan Irigarai eta Emilio Olazabal. Plaieroen antolatzaileek  uste dute "pauso txiki hau" garrantzitsua dela "berdintasunezko egoera baten bidean".

Martxoaren 8a aukeratu dute erabakiaren berri emateko hondartza futboleko antolatzaileek: hemendik aurrera, emakumezkoen txapelketak Maria Jauregi Liga izena edukiko du. "Kontuan hartuta gainontzeko txapelketek gizonezko izena dutela–Paco Urkia, Juan Irigarai eta Emilio Olazabal–, pauso txiki honek garrantzia duela uste dugu, berdintasunezko egoera baten bidean. Hauxe da gure ekarpena". 

Hala, atzoko jardunaldia hasi aurretik talde argazkia atera zuten plaieroetako emakumezkoek, eta Jauregi ere bertan izan zen (banderola morearekin ageri da).

Plaieroetan, 1978an

Antolatzaileek hainbat arrazoi eman dituzte Jauregi aukeratu izana azaltzeko. 1978an hasi zen plaieroetan jokatzen, 6 urterekin. "Ikastolan aukera eman ziguten plaierotan jolasteko, baina nesken talde bakarra ginen gure adinean, eta lehen urtean mutilen kontra jokatu genuen hanka-hutsik. Hurrengo urtean, berriz, nesken liga jokatu genuen, eta horrela urtero, Ikastola bukatu arte".

14 urterekin federatu zen futbolean, Orion, Zarautzen artean ez zegoelako nesken talderik. Ondoren Zarautzen jokatu zuen, eta handik Añorgara joan zen. "Esperientzia oso polita izan zen, Espainiako Liga bat eta Kopa irabazteko aukera izen nuelako, baita Espainiako toki asko ezagutzekoa ere". Gipuzkoako eta Euskadiko selekzioekin ere jokatu zuen urte haietan.

Ama izan zenean utzi zion futbolean jokatzeari, baina 32 urterekin berriz ekin zion: plaieroetan hasi zen, "kuadrillakoek zirikatuta". Hiru urte jarraian ibili zen, eta horietatik bitan txapeldun izan ziren.

Jauregik eskerrak eman dizkie ikastolari "garai haietan ateak irekitzeagatik", baita Orioko, Zarauzko eta Añorgako klubei ere. Eta esker oneko hitzak ditu urtero-urtero plaieroak antolatzen dituzten horientzat ere.