Hiriguneko landare eta zuhaitzak berreskuratzen ari da udala

Amaia Urbieta Arruti 2020ko mar. 10a, 13:30

Obretan dauden lekuetako zuhaitzak lekuz aldatzen eta berreskuratzen ari da udala.

Foruen kalean dagoen plazan landatu du Zarauzko Udalak Salberdingo eremuan zegoen gorosti bat. Proba moduan egin dute, lur berria ondo hartzen duen eta bertan haz daitekeen ikusteko. Gorosti hori "lagin bat" dela azaldu du Patxi Elola Lorazaintza zinegotziak; "udala aurrera eramaten ari den landareen berreskuratze politiken adibidea da gorosti hau", azaldu zion prentsari iragan astean, zuhaitzaren alboan egindako agerraldian. Zuhaitza landatzeaz gain, bertako loreak ere aldatu dituzte. Lehen larrosak zeuden Oteiza eskulturgilearen omenez, baina, aldatzeko premia zegoenez, Zeelanda Berriko lihoa jarri dute orain. Dagoeneko etxebizitzak eraikitzeko lanak hasiak dira Salberdinen eta, gorostiez gain, inguru horretan zeuden haritzak eta artelatzak ere aldatu dituzte lekuz. 

Berreskuratze lanez aparte, kendutako horiek ordezkatzeari ere garrantzia ematen diotela azaldu zuen zinegotziak. "Itxasmendin erortzeko arriskuan zeuden makalak kendu zituzten, eta datorren astean landatuko dituzte udareondoak, beti ere, eguraldiak laguntzen badu", argitu du Elolak.

Landareen garrantzia

Zarauzko hirigunean 7.000 zuhaitz daude katalogatuta guztira, eta 160 mota dituzte zerrendatuta, nahiz eta, aurreikuspenen arabera, laster berriro egingo duten katalogazioa. 

Elola zinegotziak hirigunean zuhaitzak eta landareak egotearen garrantzia azpimarratu zuen. Haren arabera, herritar askok eskatu ohi du beren etxearen aurretik zuhaitzak kentzeko. Elolak, ordea, gogorarazi du zuhaitzak ez direla "apaintzeko edo itzala emateko" soilik. "Orain horrenbeste entzuten den CO2 hori xurgatu egiten dute eta gure airea, lurra eta ura garbitzen dituzte".

Horrenbestez, azaldu du herritar guztiek eskatuko balute beren etxe aurreko zuhaitzak kentzeko, herri barruko airea "askoz kutsakorragoa" izango litzatekeela.