"Desobedientzia puntu hori beti izan du Euskal Herrian Euskarazek"

Aritz Mutiozabal 2020ko mar. 11a, 09:23
Zarauzko EHEko kide Uxoa Olaskoaga eta Esther Iztueta. (Aritz Mutiozabal)

Kide bila dabil Zarauzko Euskal Herrian Euskaraz taldea. Iraileko herri bazkariaz haratago, ezin dietela heldu urtean sortutako beste arazoei azaldu dute EHE-ko kide Uxoa Olaskoaga eta Esther Iztuetak (Zarautz, 1988).

Zein da Zarauzko Euskal Herrian Euskaraz taldearen egoera kide berrien bila jotzeko?
Esther Iztueta: Oraintxe bertan lau kide gaude, eta kideetako batek nahiko lan izan ohi du geratzeko egoera pertsonalengatik. Beraz, aurki hiru geratuko gara. Uste dugu oraindik beharrezkoa dela Zarautzen EHE Euskal Herrian Euskaraz talde bat, eta gaudenokin ez garela iristen dagoen guztiari erantzutera. Orduan, deialdia zabaldu dugu jende berria animatu dadin, batez ere belaunaldi berriak. Ongietorriak izango dira denak.

Azkenaldian, gauden gutxiagatik, batez ere zentratu gara bakarrik iraileko herri bazkarira. Izan ere, ez digu ematen gehiagorako, horrekin jada nahiko lan baitaukagu. Beraz, erantzun behar zen beste egoera askotan ez gara bertan egon. Horregatik, hobeto funtzionatzeko, taldea sendotu nahi dugu.

Uxoa Olaskoaga: Lanketa errealago bat egiteko, eta herri problematikari heltzeko ere bai. Zer landu nahi dugun, zer erreminta behar ditugun... Orain, iraileko herri bazkarira mugatzen gara, mundu guztiak maite duena, eta gure aldarrikapenak hor botatzen ditugu, baina urtean zehar galdu egiten gara, ez daukagu presentziarik.

Noiztik dago martxan EHE Zarautzen eta zer-nolako bilakaera izan du?
U.O.: Oraintxe da EHEn 40. urteurrena, eta esango nuke hasiera-hasieratik dagoela, sortu zenetik. Beti izan du jarraipena, eta taldetik jende asko pasatu da.

E.I.: Askotan egon da kinkan. Ziklikoa dela dirudi, eta orain gaude ziklo baten bukaeran. Ea berriro eusten diogun!

Kide gutxi zaudete eta taldea arnasberritu nahi duzue, zuen egitekoa festa egun horretara mugatu gabe. Zeintzuk dira taldearen kezka nagusiak?
E.I.: Ikusten ditugun gauzei aurre egitea. Adibidez, ikastaro batzuk antolatzen baditu udalak eta horiek euskaraz jasotzeko aukerarik ez badago, horren aurrean erantzutea. Edo ikusten badugu anbulatorioan mediku euskaldunik ez dagoela, horren aurrean erantzutea.

U.O.: Bi zeregin nagusi ditugu: alde batetik, eskubide urraketen aurrean erantzuna ematea eta, bestetik, urraketa eman gabe ere, zer erreminta, tresna eta baliabide behar ditugun eskatzea, euskaraz bizitzen jarraitzeko. Eta, jakina, nori eskatu behar dizkiogun kontuak.

E.I.: EHEk beti eduki izan du desobedientzia puntu hori. Beste eragile edo erakunde batzuk badaude –gaur egun, Topagunea, Kontseilua eta beste batzuk–, baina EHEk, adibidez, erantzun bat emateko Ezabaketa Astea antolatzen zuen, horren bereizgarri ziren seinaleekin.


Aurten, esaterako, bigarren Euskaraldia dator. Zer paper jokatuko du EHEk bertan?
U.O.: EHEk Euskaraldiaren parte izan behar duela uste dut, baina aldi berean, esan behar da ekimen hori zuriketa bat dela.  Lehenengo Euskaraldia 11 egunetara mugatu zen, eta pisu guztia norbanakoan jarri zen, norbanakoaren erabaki eta hautu hutsa izango balitz bezala. Hor behar ditugu politikak, baliabideak, arau eta lege pila bat bermatuko dutenak herritarrak euskaraz artatuak izatea. Horri ez ikusiarena egiten zaio, eta norbanakoari jartzen zaio zama: zuk nahi baduzu, hitz egin ezazu euskaraz. Baina nire eskubide urraketak ez daude hor jasota. Oro har, ordea, praktikan oso positiboa izan da jende askorentzat.

E.I.: Euskaraldiaren moduko dinamika bat Donostiako Egia auzoan egin zen lehen aldiz, eta hori EHEk bideratu zuen, herri mugimendutik sortuta. Eredu hori hartu dute Euskaraldirako, eta langileak jarri dituzte horretara. Dirutza bat gastatzen dute hor, eta gero, adibidez, Usurbilen gaur egun dagoen pediatrak ez daki euskaraz. Orduan, zuriketa horretan ari zara, eta gero ez zara beharrezko baliabideak ematen ari herritarrei euskaraz bizi ahal izateko. Beraz, gu salaketaren eremu horretan gaude. Ofizialki, nazio mailako EHE ez da Euskaraldian sartu, baina EHEko militante asko, norbanako bezala, hor daude.

Urola Kostan Zarautzen bakarrik al zaudete?
E.I. eta U.O.: Bai. Gaur egun oso herri gutxitan dago EHEko talde bat. Pixkanaka gutxitzen joan dira, eta horregatik orain ari da birplanteatzen bere egitura. Eskualdeari  dagokionez, garai batean Azpeitian izan zen, eta Zarautzen betidanik egon da.

Gainbeheran al dago?
E.I.: Egon daiteke, bai. Beste erakunde eta eragile  askok ere  eklipsatu egin dute EHE. Gure dinamika batzuk hartu dituzte –Euskaraz bizi nahi dut, Txantxangorria, Euskaraldia...–, eta jende batek ez du EHEren beharra ikusten. Aitzitik, guk pentsatzen dugu egon behar dugula, salaketa eremuan edo ziurtatzeko ehuneko ehun euskaraz bizitzeko aukera ematen dela.

U.O.: Gure inguruan, hain justu ere, herri oso euskaldunak dira, euskara asko entzuten da kaleetan eta, orduan, tentsio hori asko jaitsi zaigu.

E.I.: Badirudi garaitutzat dagoen borroka bat dela Zarautzen. Baina ezin da konparatu Nafarroan; esaterako, Antsoainen eta hemen bizi dugun errealitatea oso ezberdina da. Hala ere, hemen ez gara iritsi ehuneko ehunera. Bestetik, egungo gazteek ez dute bizi beraien borroka bezala, ez dute gertutik bizi. Beste gai batzuk ari dira indarra hartzen.