Amenabarren partida bertan behera, aurkarien taldeko koronabirus kasuengatik

(Luis Epelde)

Larunbat arratsaldean Aritzbatalden jokatzekoak ziren partida bertan behera utzi du Espainiako Eskubaloi Federazioak. Horrez gain, martxoaren 25era arte ikuslerik gabe jokatuko dituzte norgehiagoka guztiak Amenabar eta Aiala taldeek.

Espainiako Eskubaloi Federazioak Zarauzko elkarteari jakinarazi dio bertan behera geratuko dela larunbatean Aritzbatalden jokatzekoak ziren partida. Malagaren aurka jokatzekoak ziren zarauztarrak, baina talde horretan bi koronabirus kasu atzeman dituztela eta, partida hori ez dute jokatuko. Elkarteak HITZAri jakinarazi dionez, bi jokalari andaluziarrek eman dute positibo, eta taldeko gainerakoak berrogeialdian daude, probaren emaitzaren zain. Horrenbestez, gaixoak osatu artean ez dute partidarik jokatuko.

Horrez gain, lehen eta bigarren mailako eskubaloi taldeei eragingo dieten neurriak ere hartu ditu Espainiako Eskubaloi Federazioak. Hori dela eta, Amenabar eta Aiala taldeek ikuslerik gabe jokatuko dituzte norgehiagoka guztiak, printzipioz, martxoaren 25era arte.