Iritzia: Koronabirusa eta gu. Neurria eta eskuzabaltasunaren unea

Zarauzko Hitza 2020ko mar. 12a, 09:45

Felix Zubia mediku zarauztarrari eskatu diogu iritzia koronabirusaz. Bere ustez, gutako bakoitzak har ditzakeen neurriek guztion osasuna babesten dute, norberarena baino gehiago. Hemen, atzo idatzitako iritzia.

Gaur, martxoak 11, garbi dago koronabirusa gure artean dagoela, eta gure artean kasuak ugalduz joango direla. Behin une honetara iritsita, neurria eta eskuzabaltasunaren garaia dugu.

Hasi gaitezen neurriarekin, eta neurriekin. Koronabirusa gaixotasun arina da gehienontzat. Jende askok eta askok konturatu gabe pasa du eta pasako du gaitza. Honek, seinale ona den arren, kontrola zailtzen du, pertsona hauek atzeman eta bakartzea ia ezinezkoa delako. Beste askok eta askok, sintoma arinak izango ditu: sukarra, ondoeza, eztula, karkaxa… Bakar batzuk bakarrik izango dira gaixotasun larria izango dutenak, adinekoak eta gaixo kronikoak bereziki, nahiz eta gazte batzuk ere izan dezaketen (oso arrisku baxua, baina hor dagoena). Beraz, norbanakoaren aldetik, arriskua oso txikia bada, zergatik dago hainbesteko harrabotsa? Ba portzentaje baxuak izan arren, jende askoren portzentaje baxua oraindik ere asko delako. Honek osasun sistemaren gaitasuna gainditzen du, eta pertsonek behar dituzten arreta neurriak eskaintzea oso zaila bihur dezake. Txinan eta Italian gertatu da, eta ez dugu nahi geurean gertatzerik. Hau da arazoaren neurria.

Eta zein neurri hartu ditzakegu, eta zertarako? Har genitzakeen neurriek olatua moteltzea dute helburu. Kasuak murriztea, eta hauek denboran zabaltzea, kasu guztiak elkarrekin gerta ez daitezen, eta behar bezala artatu ditzagun. Horregatik diot eskuzabaltasunaren garaia dela, har ditzakegun neurriek guztion osasuna babesten dutelako, geure burua baino gehiago. Bereziki adinekoak eta gaixo kronikoak, baina gure auzoko beste norbait ere bai. Neurri batzuk osasun publikokoak izango dira, eta beste asko, geure kasa, erantzukizunez hartu beharrekoak. Arnas-infekzio zeinuak baditugu, eztula, karkaxa, sukarra; ez gaitezen jende askoko eremuetara joan, edo gera gaitezen etxean, kutsadurak murrizteko. Guztion alde. Eta bete ditzagun agintarien neurriak, denon onagatik.