Erakustaldi bikaina eskaini zuen Gallok olatu gainean, eta bere lehiakideak baino koska bat gorago dagoela erakutsi zuen nabarmen. Izan ere, kanporaketetan erakusten joan zen bezala epaimahaien aldetik balorazio ona jasotzen joan da txapelketa osoan.
Finalean ere ez zuen hutsik egin, eta 14.20 puntu lortu zituen (7.33 eta 6.87), bigarren eta hirugarren sailkatu zirenen bikoitza. Hain justu ere, Brasilgo Elias Ricardo Dieek 7.74 puntu lortu zituen eta Costa Ricako Henry Martinezek 7.10 puntu. Laugarren Joshua Loya estatubatuarra geratu zen, 3.47 punturekin.
Surflari zarauztarra pozik agertu da BAT Basque Team-i eginiko lehen adierazpenetan: "Lehen kanporaketan gauzak oso ongi atera zitzaizkidan, bigarrena konplexuagoa izan zen, eta jada finalean olatu oso onak hartzeko aukera izan dut. Horri esker, bigarrenez Munduko txapeldun izatea lortu dut".
Mugertza laugarren
Zarauzko bizilagun Ibon Mugertzak txapelketa gorabeheratsua egin badu ere, azkenean finaleko txartela lortu ahak izan zuen, eta gogotsu uretaratu zen atzokoan. Finalean, ordea, ez zen nahi bezala aritu eta laugarren postuan bukatu zuen, 5.63 punturekin (2.50 eta 3.13). Mike Vaz brasildarra izan zen txapeldun (16.10), Jonathan Borba brasildarra bigarren (14.50) eta Antony Smyth hegoafrikarra hirugarren (9.13).
Argazkiak: ISA International Surfing Assotiacion - Jimenez / Sean Ewans