Aitor Frantzesena 'Gallo': "Ezin hobeto atera da dena"

Aritz Mutiozabal 2020ko mar. 17a, 09:25

Aitor Frantzesena 'Gallo' zarauztarra surf egokituko Munduko txapeldun izan da, Kalifornian (AEB); garaipen hori lortzen duen bigarren aldia du. Zarauzko bizilagun Ibon Mugertza laugarren izan da bere kategorian. 

Orain lau urte lortutako balentria berretsi du Aitor Frantzesena Gallo surflari zarauztarrak, eta beste behin surf egokituko munduko txapeldun izan da Kaliforniako La Jolla hondartzan (AEB), ikusteko zailatsunak dituztenen mailan. Oraingo honetan, gainera, nagusitasun osoz lortu du garaipena. Ondorioz, pozarren agertu da munduko bere bigarren lorpenarekin.

Erakustaldi bikaina eskaini du Gallok olatuen gainean, eta nabarmen erakutsi du bere lehiakideak baino koska bat gorago dagoela. Izan ere, kanporaketetatik hasita, balorazio oso onak jaso zituen txapelketa osoan epaimahaikideen aldetik.


Larunbateko finalean ere ez zuen hutsik egin, eta 14.20 puntu lortu zituen (7.33 eta 6.87), bigarren eta hirugarren sailkatu zirenen aldean bikoitza. Hain justu ere, Brasilgo Elias Ricardo Dielek 7.74 puntu lortu zituen eta Costa Ricako Henry Martinezek 7.10 puntu. Laugarren tokian Joshua Loya estatubatuarra geratu zen, 3.47 punturekin.


Surflari zarauztarrak balorazio oso positiboa egin du garaipenaren eta txapelketaren inguruan, hitzari egindako adierazpenetan: "Lehen kanporaketan gauzak oso ongi atera zitzaizkidan, oso olatu politak tokatu zitzaizkidalako. Bigarrenean gauzak apur bat zaildu ziren; izan ere, brasildarrak (Diel) ez zizkidan gauzak erraz jarri. Eta jada finalean olatu txikiak, baina oso onak izan ziren niretzat. Aukeratzeko orduan ere txukun ibili nintzen, eta sentsazio onak izan nituen surfean. Ezin hobeto atera da dena". 


Gehiagoren bila

Bigarren aldiz irabazi du, eta hori potoloa dela jakin badaki Gallok, baina gehiago nahi duela azaldu du. "Ez da izango azken aldia". Hitz horiek esan ditu, beretzat mugarik ez dela existitzen argi eta garbi uzteko. Kirolari aseezina dela, oztopo guztien gainetik. "Nik aurrera jarraituko dut beti, nire lanak egiten,eta ea domina berri bat ekartzen dudan berririo ere Euskal Herrira".

 
Gallorekin batera, Zarauzko bizilagun Ibon Mugertza ere aritu da txapelketan. Kanporaketetan nahiko xume aritu bazen ere, finala jokatzeko aukera izan zuen. Finalean, ordea, ez zen nahi bezala aritu eta laugarren bukatu zuen, 5.63 punturekin (2.50 eta 3.13). Mike Vaz brasildarra izan zen txapeldun (16.10), Jonathan Borba brasildarra bigarren (14.50) eta Antony Smyth hegoafrikarra hirugarren (9.13)