Iritzia: 'Berdina'

Andoni Egañak Berria egunkariko Hitz Etzanak zutaberako idatzi duen gaurko iritzi artikuluak Mendi margolaria ekarri du gogora, eta, bide batez, koronabirusa ere izan du aipagai.

Mendi etorri zait gogora egunotan. Gogo-bihotzak xelebreak dira eta gerora baino ez naiz konturatu bihar-etzi beteko dela urtea joan zitzaigula. Juan Luis Mendizabal margolari lekeitiarra jubilatu ondoren ezagutu genuen Zarautzen. Ohitura zuen egunero malekoira jaitsi egun euritsuetan esku banatan pintzela eta aterkia eta kartoi batean koadro bat margotzekoa. Beti kokaleku bera eta beti paisaje bera: hondartza, itsasoa, hodeiertza, ezkerretara Santa Barbara ingurua eta, atzealdean, Getariako arratoia. Baina itsasoaren egoera, marearena, hodeiak, argia beti berdinak ez direnez, koadroak ere desberdinak ziren egunero.

Halatsu gabiltza gu azken egunotan. Kokaleku bera eta paisajea ere igualtsua. Eta ez dakit aski sormen badugun ñabardurei erreparatu eta koadro guztiak desberdinak izan daitezen lortzeko. Hasiko zara markotik ihes egiten, eta igandean Iparraldean izandako bozketaren emaitzei begiratuko diezu inoiz baino arduratsuago. Suma daitezke joeraren batzuk hautesleengan baina ezarritako markotik ezin urrundurik aurkituko duzu zeure burua. Malekoian zaude, eguneroko tokian. Hots, koronabirusean. Zenbateko eragina izan duen emaitzetan, jendea etxetik lasai irten izan balitz zer gerta zatekeen...