#EtxetikMundura

Gaur hasiko da zarauzkohitza.eus #EtxetikMundura saioekin

Zarauzko Hitza 2020ko mar. 19a, 16:35

Serge bakarlariaren emanaldia ikusi ahal izango da 20:00etatik aurrera, webgune honetan. Datozen egunetan ere izango dira saioak, ordu berean. Herriko sortzaileek ere bidal ditzakete beren bideoak zuzendaritza@ukt.eus helbidera. Animatu, eta parte hartu!

Gaur estreinatuko du zarauzkohitza.eus-ek #EtxetikMundura emanaldien saioa. 20:00etatik aurrera, Serge musikariaren emanaldia ikusi ahal izango da webgune honetan.

Ez da, baina, Serge izango #EtxetikMundura egitasmoan parte hartuko duen sortzaile bakarra. Hain zuzen ere, bihartik aurrera herriko beste hainbat artistak eskainiko dituzte emanaldiak, eta Yoseba Peñak eta Telmo Esnalek liburuen eta filmen gomendioak egingo dituzte, hurrenez hurren. Emanaldi guztiak 20:00etan hasiko dira.

Urolako Komunikazio Taldea (UKT) osatzen duten gainerako hedabideek ere prestatu dituzte tokian tokiko emanaldiak. Karkararen, Baleikeren, Maxixatzenen eta Uztarriaren webguneetan ere izango dira saioak gaurtik aurrera, eta den-denak ikusgai izango dira Urola Kostako Hitzaren eta Erlo Telebistaren webguneetan.

Koronabirusaren eraginez hartu du UKTk #EtxetikMundura egitasmoa martxan jartzeko erabakia; izan ere, joan zen asteaz geroztik bertan behera utzita daude kultur emanaldi eta saioak. Sortzaileen jarduna etxeetara irits daitekeelakoan, baina, bideo bidezko formatuak erabiltzea erabaki du, sorkuntza herritarren etxeetara eramateko asmoz.

Tokian tokiko saioen iragarpenen zerrendetan agertzen ez diren sortzaileek ere izango dute egitasmoan parte hartzeko aukera. Horiek bideoak zuzendaritza@ukt.eus e-posta helbidera bidali besterik ez dute; edozein kultur adierazpenekin lotutako emanaldiak onartzen dira. Beraz, animatu eta bidali zuen bideoak!