#EtxetikMundura

Serge, etxetik mundura

Zarauzko Hitza 2020ko mar. 19a, 20:00

Sergek hasi du gaur, martxoaren 19arekin, #EtxetikMundura saioen egitasmoa. Kantu sorta eskaini du bakarlariak, konfinamenduan dela etxean grabatutako irudien bitartez. Zarauzkoarena ez da Urola Komunikazio Taldeko (UKT) tokiko hedabideetan eskaini den saio bakarra: Baleike.eus-en Esti Curiel aktorearena ikus daiteke, Karkara.eus-en Intza Unanue abeslariarena, Maxixatzen.eus-en Iñigo Antsorregi idazlearena eta Uztarria.eus-en Iago Azkue magoarena.

Bihar izango dute jarraipena emanaldiek; izan ere, herriko beste hainbat sortzaileren saioak prest ditu dagoeneko Zarauzko Hitzak, baita UKTko gainerako hedabideek ere. Dena den, tokian tokiko saioen iragarpenen zerrendetan agertzen ez diren sortzaileek ere izango dute egitasmoan parte hartzeko aukera. Horiek bideoak zuzendaritza@ukt.eus e-posta helbidera bidali besterik ez dute; edozein kultur adierazpenekin lotutako emanaldiak onartzen dira. Beraz, animatu eta bidali zuen bideoak!