Irati Azkue: "Europara iristean topatzen dutena infernu handi bat da"

Julene Frantzesena 2020ko mar. 20a, 15:43

Lehenaz gain, azken boladan egoera gogorra ari dira bizitzen errefuxiatuak Greziako Lesbos uhartean. Zaporeakek han du proiektua. Azkuek hango egoeraz eta martxan duten proiektuaz hitz egin du.

Irati Azkue (Getaria, 1981) Zaporeak proiektuko komunikazio arduraduna da. Azken boladan errefuxiatuekin Grezian gertatzen ari denean begirada jarrita, 2014an hasitako migrazio aferaz hitz egin du patxadaz.

Gertutik ari zara bizitzen Grezian, Lesbosen, errefuxiatuekin gertatzen ari dena. Egoera okerrera al doa azken aste hauetan?

Pertsona errefuxiatuen migrazio uholdea eta olatua 2014an hasi zen, eta sei urte hauetan izan duen bilakaera inoiz ez da izan hoberako. Gainera, 2020. urtearen hasierarekin, egoera gogortu egin da. Europar Batasuneko gobernukideek ez dute batere ondo kudeatu egoera. Estrategia izan da Turkiarekin akordioa sinatzea 2016an, herrialde horri dirutza ordaintzea eta errefuxiatuen ihesaldi masiboa blokeatzea itsasoan nahiz lurrean. Batetik, Turkiak bere mugak itxi ditu, errefuxiatuak han pilatzeko; eta bestetik, Greziako Gobernuak herrialdeko uharteak erabili ditu errefuxiatuek Europarako sarbiderik izan ez dezaten. Toki horietako jendea ere nazkatuta dago egoeraz. Izan ere, errealitate bat baino gehiago daude: errefuxiatuena, tokiko herritarrena zein eskuin muturreko den gutxiengo ildo batena.

Hain justu, gutxiengo horrek gaiztotu du egoera. Zaporeakek erasoak jasan ditu, baita beste hainbat gobernuz kanpoko erakundek eta kazetarik ere.

Tentsio handiarekin eta izuarekin bizi izan genuen erasoa. Proiektua bertan behera gera zitekeen, baina egiten dugun horretan gehiago sinestarazi digu erasoak, eta indar handiagoz ari gara lanean. Erasoa jaso genuen, baina ez da izan Zaporeaki egindako erasoa. Argi dago: ez dituzte pertsona errefuxiatuak nahi, eta horiek laguntzen dituztenen aurka antolatu dira. Gobernuak ez dira ari egoera kudeatzen eta errefuxiatuei laguntzen, beraz, kolektibo bat mobilizatzen duen eskuin muturreko ildo batek bere gain hartu du erabakimena, eta laguntzen ari direnen kontra jo du: errefuxiatuak, hedabideak, kazetariak eta gobernuz kanpoko erakundeak. Erasoak eman direnetik, hiru erakundek alde egin dute uhartetik, baina gainerakoak elkarlanean ari gara.

Dena den, Greziako herritarren artean bada errefuxiatuei babesa emateko mugimendua ere, ezta?

Gizartearen ehuneko handi batek uste du errefuxiatuek bizi dutena ez dela bidezkoa, eta pertsona horien eskubideak bertan behera utzi izana salatzen dute. Egoera aldatzea nahi duen eta gauzak egiteko erarekin batere ados ez dagoen masa handi bat bada, eta horiek gobernuz kanpoko erakundeak babesten dituzte eta oso kritikoak dira gobernuak egiten ari direnarekin. Askoz ere gehiago dira errefuxiatuen alde daudenak, baina arrabots horretan, hedapenerako eta soinua egiteko batzuek zein besteek daukaten gaitasuna oso desberdina da. Batez ere, batzuek indarkeria erabiltzen dutelako ekimenak aurrera eramateko. Bestalde, bada beste mugimendu bat ere: tokiko herritarrena. Horiek pixka bat ahaztuta sentitzen dira, aspertuta daude. Nire hausnarketa da jaio zaren lekuan jaiotzeagatik bizi duzula errealitate bat edo bestea, eta hor daude mugen mugak. Greziako uharteetako herritarrek uholde guztia hartu eta bizikidetza sustatu behar dutela sentitzen dute, baina beraiei ez diete iritzirik eskatzen. Halabeharrez, hor tartean harrapatuta daudela sentitzen dute, eta oso kritikoak dira egoerarekin. Horrek ez du esan nahi errefuxiatuen aurka daudenik; haiek beren egoera kritikatzen dute, egoera beste modu batean kudeatzea nahi dutelako.

Eta bien bitartean, Europako Batasuna isilik, geldirik…

Isilik, geldirik edo hitz egiten duenean unean jardunean dagoen eta hitz egiten duen politikariari bide ematen. Badira kritikoak diren ildoak, baina gobernu askok eskuak lotuta dituzte, aurretik edo atzetik dagoen historia tarteko. Dena den, gaitasuna izan behar genuke egoera hau beste modu batean kudeatzeko. Europa guztiok gara, eta gure ordezkariek gure baimena dute egiten ari diren hori egiteko, baina ez bagaude konforme, nolabait jakinarazi egin beharko diegu. 2014tik dator afera hau, eta 2016an izan zuen oihartzuna; bat-batean haur bat hondartzan hilda ikusi genuen, eta ikusi genuen Aita Marik, Itsas Salbamendu Humanitarioak nahiz Open Armsek zer lan egiten duten itsasoan errefuxiatuak erreskatatzen. Beste datu bat: iristen diren errefuxiatuen kopurua %40koa da; izan ere, gainerakoak itsasoan artatzen dituzte edo bueltan eramaten dituzte. Errefuxiatuen kopurua ikaragarria bada ere, erdia baino gutxiago iritsi dira helmugara. Orain dela bi urte bizpahiru saiakera egiten dituzte Europara iristeko, eta gaur egun hamar. Errefuxiatu horiek maila ekonomiko ertaineko familiak ziren beren jatorrizko lurraldeetan, eta beren hizkuntzarekin, kulturarekin eta ogibidearekin bizi ziren. Egun batetik bestera, beren burua egoera oso larrian ikusi zuten, agian hil egingo zituztelako. Zerbaitek gogorra izan behar du, norbaitek maletak hartu eta alde egitea erabakitzeko. Beren jatorrizko lurraldeetan bizitzea eta beren bizitzarekin jarraitzea da errefuxiatuek nahi duten gauza bakarra. Jatorriko arazoa han dago, baina hori konpontzen ez den bitartean, beste modu batean jokatu behar genuke guk hemen. Hona iristen direnean topatzen dutena, baina, kartzela eta infernu handi bat da.

Zein da Lesboseko errealitatea gaur egun?

Pertsona errefuxiatuen kopurua hirukoiztu egin da Greziako uharteetan. Zaporeakek, adibidez, Lesbos uhartean du proiektua, eta han errefuxiatuen hiru esparru daude: tartean, Europako infernu bezala ezagutzen den Moria. Kanpaleku hori 3.000 lagunentzat zegoen egokituta, baina egun 20.000 pertsonak bizirauten dute bertan. Horrek esan nahi duena da iristen ari diren pertsonak ez direla bertatik mugitzen, asilorik ez dutela lortzen, eta beraz, Europan zehar beren bizitzekin aurrera jarraitzeko aukerarik ez dutela izaten. Errefuxiatuen bizi baldintzak, egoera eta asilo eskaera prozesuak ez dituzte batere ondo kudeatu.

Zer egoeratan daude errefuxiatuak?

Egoera oso gogorra da. Babesik gabe daude. Oso leku txikian hainbeste lagun pilatuta egoteak esan nahi du beren oinarrizko eskubide guztiak zapalduta daudela, eta gainera, ez da giza eskubide horiek bermatuko dituen administraziorik edo erakunderik. Gosea eta hotza ari dira pasatzen, inork ez ditu artatzen, psikologikoki eragina duen izugarrizko bidaia egin dute Europara iristeko, zabor artean bizi dira, ur edangarri gutxi dute… eta asilo eskaera guztiak blokeatuta dituzte. Egoera oso-oso lazgarria da. Gainera, kontuan izan behar da jatorriko herrialdeetan elkarren etsai ziren hogeitik gora herrialdetako pertsonak elkarrekin ari direla bizirauten. Bestalde, emakume eta haur asko bortxatu egiten dituzte bidaian edo errefuxiatuen kanpalekuetan, eta horiek bortxatzaileekin bizi behar izaten dute gero.

Nolakoa da haien egunerokoa?

Catering zerbitzu batek ematen die jaten Moriako errefuxiatuei. Hiru otordu izaten dira: gosaria, bazkaria eta afaria. Gosaria banatzen 08:00etan hasten dira, baina errefuxiatuak 05:00etarako ekiten diote ilara osatzeari. Janaria, baina, ilara erdira arte iristen da, eta gainerako denak otordu hori gabe gelditzen dira. Hurrengo otordurako ilara egiten hasten dira segidan, eta afaritarakoa ondoren. Batez beste egunean zortzi-bederatzi ordu pasatzen dituzte janaria lortzeko ilaran. Lurrean bizi dira, hotzez, eta han ez dago berogailurik. Emakumeak gauez ez dira kanpin dendatik mugitzen, beldur direlako, eta askok fardelak erabiltzen dituzte beren eginbeharrak egiteko. Haur asko kanpalekuetan jaiotakoak dira, ama bidaian bortxatu dutelako. Ume horiek ez dute beste errealitaterik ezagutu, eta horien lehen hezkuntza urteetan gabezia ikaragarria dago, proiektu asko bertan behera gelditu direlako.

Zaporeakek nola egiten du lan Morian?

Zaporeakek Moria errefuxiatuen esparrutik hamar minutura dauka sukaldea, eta egunero 1.500 bat otordu prestatzen ditu gaur egun, nahiz eta bi milara iritsi nahi dugun. Helburua jaten ematea da, baina kolektibo zaurgarrienetara iristea nahi dugu, eta horiek emakumeak, umeak eta gaixotasun kronikoak dituzten pertsonak dira. Zaporeakek, ordea, ez dauka banaketarako eremurik, eta, gainera, nola erabakiko dugu nori eman janaria? Hori dela eta, lankidetzan aritzen gara gobernuz kanpoko beste erakunde batzuekin egiten dugu lan. Horien artean da Moria barruan dagoen eta gobernuz kanpoko erakunde batena den klinika bat. Iheslariak egunero joaten dira hara, eta jateko premia berezia duten pertsonei txartel bat ematen diete klinikako kideek. Txartel horrek balio die egunean otordu bat jasotzeko, eta familia unitatea kontuan hartuta, beste hiru seniderentzat ere balio dezake. Zergatik? Premia berezia zuen pertsona horrek askotan otordua etxekoei ematen ziela jabetu ginelako. Klinikakoek esanda jakin ahal izan dugu gaixotasun kronikoak dituzten pertsona askok botiken dosia jaitsi ahal izan dutela janariari esker, eta hori tarteko, beste gaixo batzuk arta ditzaketela ere bai. Beste erakunde batzuen eremuetan ere banatzen dugu janaria. Denon xedea da errefuxiatuei duintasuna helaraztea; gure kasuan, janariarekin.

Nola sostengatzen da Zaporeak bezalako proiektu bat?

Hilero 60.000-80.000 euro artean behar ditu proiektua aurrera eramateko. Horrek esan nahi du diru funts aldetik babes handia behar duela, proiektuak bermea izan dezan. Azken boladan hilabetez hilabete ibili gara, nahiko arrastaka; izan ere, berme handia behar da proiektuarekin segitzeko. Aurrekontuaren zati handi bat dirulaguntzetatik jasotzen dugu, hau da, instituzioek egindako ekarpenetatik; beste zati bat Hego Euskal Herrian Zaporeakek dituen ordezkaritzek egindako egitasmoetatik; eta beste bat, norbanakoek Zaporeaken kontu korronteetan egindako ekarpenetatik. Nahiko genuke finantzazio publikoa eta pribatua altuagoa izatea; izan ere, berehala joaten dira 80.000 euro hilabetean. Diru asko da, denbora gutxian xahutzen dena.

Diruaz gain, boluntarioak ere beharko dituzue jarduna aurrera eramateko. Norbaitek boluntario lanak egin nahiko balitu, nora jo behar luke?

Boluntario sarea proiektuaren oinarria da Zaporeakentzat; horiek gabe ez legoke proiekturik. Bi modu daude boluntario lanak egiteko: Lesbosen sukaldean aritu edo Euskal Herritik lagundu. Norberak bere herrian Zaporeaken alde zerbait egin nahi badu ere, ongietorria izango da. Bestalde, errefuxiatuek bizi duten egoera mahai gainean jarrita, mobilizatuz eta presioa eginez ere egin daiteke ekarpena. Denok egin dezakegu zerbait, ez da jakintza berezirik izan behar; ez dago sukaldari, mediku edo erizain izan beharrik proiektuan murgiltzeko.

Errefuxiatuen egoera konponduko al da noizbait?

Ia egunero egiten diogu galdera hori geure buruari, eta egunero “ez dakit” erantzuten dugu. 2019ko abuztuan Moriako errefuxiatuen esparruan 11.000 mila lagun zeuden, eta okerrera ezin zuela joan uste genuen. Zortzi-bederatzi hilabete pasatuta, 20.000 pertsona daude. Greziako Gobernuak errefuxiatuen kontra jo du, polizia mobilizatu du, arau zorrotzagoak jarri ditu, bortizki erantzun du, eta halere, estrategia zera da: “Ez ditugu iheslariak nahi Europan, ez ditugu iheslariak nahi Grezian”. Ahoz goran mezu hori ematen dute. Beraz, ez dakit epe motzean zein izango den erantzuna. Izan ere, indarkeria bere eskuetan hartzen duen horrek lor dezake gobernuz kanpoko erakundeak uharteetatik alde egitea. Eta ez badago gobernuz kanpoko erakundeen laguntzarik? Agian, hori da klabea egoera lehertzeko eta erantzun bat emanarazteko? Zein da bidea? Ez dakigu. Horregatik diogu, gu Europa garen heinean, ahotsa altxatu behar dugula eskutik emanda eta elkarrekin, batasunak indar gehiago ematen duelako.

Errefuxiatuek badute egoera iraultzeko esperantzarik?

Behin Europara iritsi eta denbora gutxira, lehen zaplastekoa hartzen dute. Izan ere, Europan berriz ere beren bizitzekin jarraitu ahal izango dutela uste dute. Orain arte, administrazioaren sekulako zirimolarekin egiten zuten topo, baina orain horrekin ere ez, ez dutelako asilo eskaerarik bideratzen eta iritsi ahala ferrietan sartzen dituztelako. Eta Europan daudenek denbora luzea pasatzen dute errefuxiatuen esparruetan. Urte hasieran bi ahots hasi ziren nabarmentzen errefuxiatuen artean: batzuek, jarraituko lukete Europara etorri nahi horretan, nahiz eta deportatu; eta besteek, beren jatorrizko lurraldean hiltzea nahiago dutela esaten dute.