"Bakea sendotzea ez da politikaren lehentasuna"

Pili Zabala. Artxiboko argazkia.

Pili Zabalak politika instituzionala uzteko erabakia hartu du, eta azken lau urteetan Eusko Legebiltzarrean egindako bideaz aritu da Berria egunkarian. 

Lau urte egin ditu politika instituzionalean, baina ez du jarraituko. Pili Zabala (Tolosa, Gipuzkoa, 1968) garden mintzo da Eusko Legebiltzarrean sartzea erabakitzeko arrazoiez eta bertan urteotan eginiko bideaz. Joxi Zabala anaia «desagerrarazteak» [GALek bahitu, torturatu eta hil zuen] zeharkatu du haren bizitza, eta justizia bila heldu zion politika instituzionalari. Justizia trantsizionalean trebatuko da aurrerantzean.

Elkarrekin Podemoseko lehendakarigai aurkeztu zinen. Zein zen zure abiapuntua?
Estatu demokratiko baten barruan, diru publikoarekin hilketak egin dira, eta ukatu egiten da. Hori oso mingarria da. Gure kasuan, sententzia bat egon zen, zigortuek ez dute ia zigorrik bete, ez dira damutu, ez dute barkamenik eskatu, eta ezin dugu esan berriro gerta ez daitekeenik. Zigortuek ez dute zigorra betetzen eta biktimak ez dira biktimatzat hartzen. Memoriaren eta errelatoaren manipulazio honekin, lortu nahi dute boterean daudenek demokraziari gero eta eskubide gehiago kentzea. Zoritxarrez, Espainiako Estatuaren barruan gaude eta arau batzuk bete behar dira, baina haiek ez dituzte errespetatzen. Zer demokrazia mota da hau? Edukiz hustutakoa. Agrabio larri bat dago biktimen artean. Espainiako Estatutik ez ikusia izatea mingarria da, eta iruditzen zait Jaurlaritzak ere ez duela behar bezala kudeatu.

Hori sentitu duzu Jaurlaritzaren aldetik?
Bai.

Bigarren mailakoak zarete?
Argi dago giza eskubideen urraketa bat dagoenean, ikertua eta frogatua dagoenean, urraketa berari erreparazio bera eman behar zaiola. Hori hemen ez da gertatu. Oker hori, akats historiko hori konpondu beharko genuke, baina horretarako Jaurlaritzak edo boterean daudenek ikusarazi egin beharko lukete.

Ez duzu borondaterik nabari biktimak era berean tratatzeko?
Ez dut ikusten. Askotan esaten dute ez dugula eskumenik zenbait gauza aldatzeko; Espainiako Estatuari dagokiola. Baina Espainiak ez ditu betetzen giza eskubideen arloan sinatu dituen nazioarteko tratatuak; guri exijitzen digute betearazteko, baina haiek ez dituzte betetzen. Eskumenik ez badugu, aldaketak egin beharko dira: edo marko juridikoa aldatu, edo konponbide egoki bat bilatu. Bestela, hemen ez dugu inoiz edukiko benetako bizikidetza edo bake iraunkor eta justu bat.

Jarraitu irakurtzen Berria.eus webgunean