Etxebizitzaren arazoari erantzuna emateko proposamenak jorratuko dituzte igandean, bideo-konferentzia bidez

Etxebizitzaren arazoa bizi duten herritarrek parte hartu dezakete bilgunean, berrogeialdia errespetatuz, nor bere etxetik bideo-konferentzia bidez.

Etxebizitzaren arazoa handitzen ari da herrian, eta egoera salatzeko eta ahal dela irtenbideak proposatzeko, batzar birtuala egingo dute bihar, 17:00etan, Meet aplikazioaren bidez. "Zarautzen ehundaka gazte (eta ez hain gazte) bizi gara inoiz etxebizitza bat alokatu edo erosteko amets artean; edo hipotekaren zein alokairuaren hileroko kuota ordaindu ezinaren amets gaiztopean". Ekimenaren antolatzaileen esanetan, "ez dago ia epe luzeko alokairurik, eta daudenak ez dira gure zenbakietan sartzen. Erosteko, berriz, bankuaren esklabu bihurtzen gara, zer esanik ez lan-kontratu finkorik ez badugu; eta hori, zoritxarrez, oso ohikoa da gaur egungo gazteen artean. Izan ere, gazteen eguneroko ogia dira soldata baxuak, aldi baterako kontratuak eta ordutegirik gabeko lan jardunak". 

Hasiera batean, Zarautzen etxe faltarik ez dagoela adierazi dute, "eraiki eta eraiki" ari direlako azken urteetan. "Baina, zein preziotan? norentzat dira etxe horiek? sabaian igerilekuak eta sotoan gimnasioak. Guzti horren gainean, udalak, laguntzeko intentzioa erakutsiz edo, babestutako etxebizitzak sustatu ditu azken urteotan egin diren planifikazio urbanistikoetan". Salatu dute zarauztarrek Etxebideko eskaera guztiak betetzen dituztela, "baina hilabete batzuk pasata, azpeitiar, tolosar edo andoaindarrei etxebizitzak nola egokitzen zaizkien ikusten dugu, gure muturraren parean". Egoera horren aurrean, zarauztarren eskubideak eta interesak defendatzeko eskatu nahi diote Zarauzko Udalari.

Zarauztarrek beren herrian bizi-proiektu bat duintasunez eraiki dezaten, gaiaz eztabaidatzera deitu dituzte egoera bizi duten herritarrak, denen artean irtenbideak proposatzeko asmoz. Igandean 17:00etan egingo dute batzar birtuala, eta bertan parte hartzeko hurrengo helbidera sartu behar dute herritarrek: https://meet.jit.si/ZarauzkoEtxebizitzarenEgoeraSalatzea.