Ainhoa Arruti: "Kutsatu baino atxilotu gehiago daude Perun konfinamendua hasi zenetik"

Ainhoa Arruti. (Utzitakoa)

Ainhoa Arruti zarauztarra Perun dago, hostal batean konfinatuta, koronabirusagatik neurri zorrotzak hartu dituztelako han ere. "Prebentzioa da herrialdearen estrategia hasiera-hasieratik", iritzi dio zarauztarrak. Herrira itzuli nahi du, baina aireportuak itxita daude, bere hegaldia bertan behera gelditu da, eta aberriratzearen zain dago orain.

Arequipa hirian dago konfinatuta Ainhoa Arruti zarauztarra, Perun, joan den astelehenetik. Zorte handia izan duela uste du. "Lagunak egin nituen konfinamenduaren aurretik, bidaiatzen ari ginen, eta hortaz, konfinamendua ere beraiekin egokitu zait. Hostal handi batean gaude 60 pertsona, eta giro oso ona dago". Yoga egiten ari dira denak elkarrekin, jolasak, hizkuntza eskolak antolatzen ari dira. Etxera bueltatu nahi du, baina argi du egoera "askoz okerragoa" izan zitekeela.

Etxera bueltatu nahi, eta ezin.
Bai. Berez, hegaldia hartua nuen martxoaren 29rako Euskal Herrira itzultzeko. Hau guzti hau hasi aurretik erosi nuen txartela, eta orain hegaldia bertan behera gelditu da. Air Europarekin neukan hegaldia, eta hura maiatzerako ari da ematen. Orain aberriratze hegaldiaren zain nago. Eusko Jaurlaritzak ez dakit zer esku hartze maila duen; Espainiako Gobernuak, berriz, informazio nahiko nahasia ematen du aberriratzearen inguruan. Pazientzia edukitzeko eskatzen dute, lanean ari direla, baina ez dute ezer argi esaten. Kontsulatu guztiak irekita daudela diote, eta gure eskura.

Egon zarete Kontsulatuan?
Limako kontsulatuko ateak itxita daude; Arequipan kontsulatuordea omen dago, baina hori gezurra da, eta deitzen baduzu, batzuek esaten dizute ez dela egongo aberriratzerik; beste batzuek baietz, baina pazientzia behar dela. Guri esan digute agian apirilaren 1ean eta 2an baimena emango zigutela Limara joateko, baina gure kontura. Geuk aurkitu behar dugu garraioa, ez dakit nola, ez dagoelako. Eta gero, hara iritsitakoan, agian, agian, aterako diren hegaldietako bat hartzea izango dugula. Duela egun batzuk esan ziguten hori. Gaur goizean, berriz [martxoak 20] gobernuak esan du aireportuak itxiko dituztela, baita hegaldi humanitarioentzat ere.

Nola zaudete?
Informazio bila gabiltza: Twitterren begiratzen, whatsapp taldeetan zer dioten ikusten, korreoa aktualizatzen ea zerbait bidaltzen diguten... Zain. Etxera itzuli nahi dut, ideia ere egina nuen hegaldia hartu nuenetik. Baina uste dut jende asko dagoela ni baino okerrago. Ezagutzen ditut hostaletik bota dituztenak; Airbnb-n alokatutako etxera joan eta ezin dutenak etxetik atera eta erosketak ere etxejabeak egin behar dizkietenak... Ondo nago, hostal ona tokatu zait, eta oraingoz animotsu nago. Espero dudana da Espainiako Gobernuak aberriratze hegaldiren bat jarriko duela guretzat ere, eta bitartean itxoitera. Badakit hemendik urte batzuetara hau guztia anekdota bat bezala oroituko dudala.

Joan den astelehenetik zaudete konfinamenduan.
Bai, hala da. Martxoaren 15eko gauean komunikatu ofiziala zabaldu zuen Peruko presidenteak, esanez larrialdi egoera ezarri eta mugak itxiko zituztela gauerdian. 22:00ak ziren hori esan zuenean. Ni, une hartan, Cotohuasi izeneko herritxo batetik Arequipa hirirantza nindoan. 03:00etan iristen zen gure autobusa, eta une hartan larritu egin ginen. Baina 24 ordu utzi zituzten nor bere etxera joateko. Beraz, ofizialki hilaren 16an hasi zen konfinamendua. Aurreneko egunean jende dezente ikusten zen kalean. Hirugarrenetik aurrera aldatu zen egoera, eta militarrak ere gogorrago jarri ziren. Konfinamendua hasi zenetik, kutsatu baino atxilotu gehiago egon dira; serio jarri dira militarrak.

Zertara atera daiteke kalera?
Euskal Herrian bezala, supermerkatura, botikara eta bankura bakarrik atera daiteke. Hala ere, bulego bat edo beste ikusi dut zabalik. Behin, andre bat ikusi nuen bulego horietako batera sartu nahian. Baina ez zioten utzi, maskarillarik ez zeramalako. Nork bere legeak jartzen ditu. Jendea nahikoa arduratsu ikusten dut.  Ez da erotuta joaten supermerkatura; ez da komuneko paperik falta. Gehienak maskarillekin ateratzen dira kalera, eta guk ere erosi egin behar izan genuen, arraro begiratzen baitziguten. Hilaren 18tik aurrera, konfinamenduaz gain ezin da kalera atera 20:00-03:00 artean.

Bertakoak nola aurkitzen dira?
Ni nagoen hirikoak, Arequipakoak, kezkatuta daudela esango nuke. Baina burua galdu gabe. Oraingoz hiru kasu bakarrik daude, baina badakit hemengo ospitalea oso eskasa dela. Berrogeialdia hasi aurretik manifestazioa egin zuten, ikusten zutelako zer zetorren eta ospitalearen baldintzak oso eskasak zirelako. Batetik Osasun Ministerioaren zerbitzua daukate, Osakidetzaren tankerako bat, eta bestetik, Es Salud, enpresa batean sartzen zarenean langile izateagatik daukazun asegurua. Horrez gain, klinika pribatuak daude. Hala ere, herrialdearen estrategia hasiera-hasieratik prebentzioa izan da, eta hala izaten jarraitzen du. Peruk hartu duen bidea izan da prebentzioarena.

Europarrak izateagatik seinalatu zaituztete?
Denetarik gertatu zaigu: gu kaletik joan eta jendeak grabatzea, uste dutelako guk ekarri dugula birusa Europatik; taxistek ahoa tapatzea gu eraman behar gintuztenean; eta polizia etxera ere eraman gintuzten egun batean.

Nolatan? 
Cotohuasi izeneko herri txiki-txiki batera joan ginen, ibilaldiak egiteko asmoz. Herri batera iritsi ginen, eta uste dut han ez zela europarrik azaldu aspalditik. Ez zegoen inor kalean. Galdetu genuen ea bazegoen zerbait egiteko inguruan, eta esan ziguten futbol partida bat zegoela. Ikustera joan ginen. Lasai-lasai geunden, eta bat-batean polizia etorri zen autoan, zuzenean guregana. Guk uste dugu norbaitek deitu ziela. Etorri eta dokumentazioa eskatu ziguten. Ez geneukan soinean, ibiltzera atera ginelako. Erantzun ziguten komisaldegira lagundu beharko geniela. Beraien autoan eraman gintuzten, eta bidean galdezka aritu ziren: noiztik geunden Perun, bidaiatzeko arrazoia zein zen, zergatik geunden hirurok elkarrekin (bat Ingalaterrakoa zelako eta bestea Suediakoa), sintomarik bageneukan, etab. Azkenean, utzi ziguten alde egiten, baina ohartarazi ziguten beti soinean eraman behar genuela pasaportea.

Nola erreakzionatu zenuten?
Nik esan nien ulertzen nuela beraien beldurra, baina nik hiru hilabete neramatzala Europatik kanpo, eta beraiek adina aukera nuela birusa izateko. Sentitzen zutela esan ziguten, eta barkatzeko, baina ulertzeko. Autobus geltokian eseri ginenean ere, gure ondotik alde egin zuen jendeak. Beldurra dago, herri horretan batez ere. Herri txikia da eta, badakizu: herri txiki, infernu handi.