Gipuzkoako Arraun Federazioak aurtengo batelen liga amaitutzat eman du

Zarauzko Hitza 2020ko mar. 24a, 12:52
ZAEko senior mailako batela. (ZAE)

Neguko giro txakurrak ez, oraingoan birus batek eman dio amaiera Gipuzkoako batel ligari. Gipuzkoako Arraun Federazioak liga amaitutzat ematen duela jakinarazi du. 

Negu giroagatik ligako estropada asko bertan behera geratu izan dira aurreko urteetan, eta urte batean edo bestean udaberrian izan zuten gaztetxoek arraunean aritzeko aukera. Aurten espero baino azkarrago amaitu da liga, koronabirusa dela eta. Gipuzkoako Arraun Federazioak amaitutzat eman du liga, beste kirol jarduera asko bertan behera geratu diren bezala. 

Federazioak gaineratu du une honetan sailkapenean puntu gehien dituena izango dela irabazle bere kategorian.

Aurreikusita zeuden hamabi jardunaldietatik sei jokatu dituzte (otsailaren 16an Zumaian jokatu behar zen jardunaldia bertan behera geratu zen hego haizeagatik). Zarautz Arraun Elkarteak bost ontzi izan ditu lehian hainbat kategoriatan.

Gizonezko seniorretan Donostiarrak irabazi du, eta Zarautz hirugarren izan da. Jubenil mutiletan San Juan izan da irabazlea; Zarautz A bosgarren izan da, eta Zarautz B hamabigarren. Kadete mutiletan Zumaia D izan da irabazlea, eta Zarautz hamaseigarren izan da. San Juan A izan da irabazlea promesa neskatan, eta Zarautz zazpigarren izan da. 

Sailkapenak hemen ikus daitezke.