Bertso sorta: 'Koronabirusa eta artalea parekatuz'

Zarauzko Hitza 2020ko mar. 25a, 09:00

Koronabirusaren hedapenaz bertso-sorta idatzi du Inaxio Uria Isastik.

1-
Koronabirusa banandu da
batera eta bestera
Biderkatuaz egunez egun
etengabeko karrera
Hau ulertzeko adibide bat
heldu da gure etxera
Garai batean errege batek
mendeko baten jarrera
Eskertu nahirik agindu zion
egiteko eskaera
Hark berehala azaldu ere
zehazki bere aukera
Xake taula bat atera zuen
hantxe mahaiaren gainera
Eta ondoren abiatu zen
azalpenak ematera

2-
Xake taularen karratutxoak
hirurogeita lau dira
Mendeko horrek erregeari
azaldu zion, begira
Lehen karratu horren ordezko
artale bat eman, tira
eta ondoren hurrenez hurren
hala emanaz segida
beti bikoiztuaz, bi, lau, zortzi
ale, baldintzan neurrira
Erregeak hau erantzun zion
Hori al duzu guztira?
Nik berehala aginduko dut
kunplituz zure desira
Artale hoiek zure eskura
jarriko ditut nik di-da

3-
Erregeak hau agindu zion
bere laguntzaileari
Xake taula hau hartu ezazu
ta ondoren adi-adi
Hasi zenbatzen, eta emaitza
pasa biltegikoari
Laguntzaileak zintzo, serio
ekinaz batuketari
Emaitza gisa jarri zituen
bertan zenbaki ugari
Trilioiak dira, aitortu zion
ozenki erregeari
Koronabirus kontu hau ere
erkatuz artaleari
Berdintsua da, xumeki hasi
Gero bira munduari