Aritz Aranburu: «Lasaitasun pixka bat sentitu nuen, zentzuzko erabakia delako»

Aritz Mutiozabal 2020ko mar. 26a, 12:24
Aritz Aranburu surflaria.

Aranburuk bigarren maila baten utzi ditu txapelketak eta Olinpiar Jokoetarako sailkatze probak. Lehentasuna osasunak duela dio, eta bat dator Nazioarteko Batzorde Olinpikoak lehia 2021era atzeratzeko erabakiarekin.

Urtebetez atzeratu dituzte Tokioko Olinpiar Jokoak. Zer iruditu zaizu erabakia?
Erabakirik egokiena hartu dute. Oraintxe bertan arazo larri bat dago konpontzeko mundu osoan, eta guztiok horretan egon behar dugu buru-belarri. Olinpiar Jokoak lehenago edo geroago jokatuko dira, eta une honetan ez dira lehentasuna. Argi dago kirolari pila bat dagoela bertara joateko gogoz, baina niri une honetan ez dit axola. Iruditzen zait osasuna eta gizatasuna lehenetsi behar ditugula orain. 

Kirolariok ere eskatu duzue jokoak atzeratzeko.
Ni, adibidez, kirolarien hainbat Whatsapp taldetan nago, eta nabari zen askoren artean antsietate puntu hori, ez zekitelako Olinpiar Jokoak jokatuko ziren ala ez. Uste dut erabaki hori lehenbailehen hartu behar zuela Nazioarteko Batzorde Olinpikoak. Orain hartu dute, eta kito! Iruditzen zait kirolari guztiok burua deskonektatu ahal izango dugula lehia horretatik, eta guztiok dugun arazo honetatik suspertzeko lasaitasun handiagoa izango dugula. Gainera, urtebeteko epea izango dugu Olinpiar Jokoetarako antolaketa prestatzeko ere. 

Zuk nola jaso duzu berria?
Esan bezala, Whatsappeko hainbat taldetan nago, eta bost minututan bizpahiru taldetan jaso nuen jakinarazpena; esaterako, Espainiako Surf Federaziotik jaso nuen mezua. Bestalde, BAT Basque Teameko sare sozialetatik ere jaso nuen berria. Nik neuk ere lasaitasun pixka bat sentitu nuen albistea jakitean, zentzuzko erabakia dela iritzi diodalako. Azken egun hauetan ez nengoen gerta zitekeenaren kezka horrekin, baina erabaki oso ona da kirolarentzat eta kirolarientzat.

Gainerakoan, nola moldatzen zara etxean sartuta?
Dezente ongi daramat egoera,  agian, urte luzez ibili naizelako toki batetik bestera gelditu gabe. Halabeharrez etxean geratze hau ez dut eskertzen, zergatia indartsua delako, baina laguntzeko etxean geratu behar dugu, eta hori oso serio hartu dut.

Baina zu bezalako goi mailako kirolari batentzat bat-batean geratzea ez da nolanahikoa, surf zirkuituan eta Olinpiar Jokoetarako sailkatze probetan lehiatzen ari zarela kontuan izanda.
Egia esan, niretzako lehiaren kontu guztia bigarren maila batean geratu da. Koronabirusaren gaitza Txinan agertu zela entzuten hasi nintzenean, oso eszeptikoa nintzen. Italiara iritsi zenean ere eszeptiko samar jarraitzen nuen. Italiako lagun baten deia ere jaso nuen, esanez etxe barruan sartuta zeudela eta gurera ere iritsiko zela. Ni bitartean hondartzan nengoen, itsasoari begira, eta ez nuen pentsatu ere egiten hori gerta zitekeenik. Bat-batean, ordea, guri tokatu zaigun haien egoera berean egotea, eta honek guztiak barrua ukitu dit. Beraz, Surfeko Munduko Txapelketa –Tokioko Olinpiar Jokoetarako sailkatze proba izango dena– eta Olinpiar Jokoak bigarren mailako gauza bilakatu dira niretzako.

Igandean jaso genuen mezua: Nazioarteko Batzorde Olinpikoak denbora tarte bat hartuko zuela Olinpiar Jokoak atzeratu edo ez erabakitzeko. Nik argi nuen egoera honi buelta eman ondorengo data batera atzeratzea zela onena; berdin zitzaidan urtebete itxaron behar banuen. Surfeko Munduko Txapelketarekin ere beste horrenbeste egin beharko lukete. Lehenago edo beranduago jokatuko dira ekitaldi horiek, eta une honetan beste lehetasunbatzuk egon behar dute munduan. Azkenean, 2021era atzeratu dituzte Olinpiar Jokoak, eta hori da zentzuzkoena.



Hala ere, gogorra egingo zaizu.

Argi dago kirolaria izanda ohituta nagoela entrenatzera eta batetik bestera mugitzera, baina tira! Ni etxean ari naiz entrenatzen, eta, nola ez, itsasoa asko sumatzen dut faltan; normala da, gainera. Nolanahi ere, guztiok ari gara geure eguneroko edozer gauza faltan sumatzen, eta hau errusiar mendi bat da: batzuetan hobeto gaude eta besteetan okerrago, honetara ez gaudelako ohituta. Orain, etxean gaudenez, uste dut hausnartzeko garaia dela, eta mundu guztiaren osasunaz arduratzea dagokigula. Korobirusak gizartea elkartu du, eta ea munduan beste arazo batzuk daudenean ere elkartasun berarekin erantzuteko gai garen.

Hala ere, ez al zaizu Olinpiar Jokoen arantzarik geratzen?
Ez, ez dut halakorik. Aurten ditudan aukerak datorren urtean ere izan ditzaket. Aurtengoa reset botoiari emateko urtea da. Jendeak ezin ditu erabakiak diruari begiratuta bakarrik hartu; gogoetarako unea da. Jendearen osasuna dago jokoan, eta une honetan, jokorik inportanteenak horiek dira.

Etxean, baina entrenatzen?
Topera ari naiz. Uretatik kanpo, baina normalean baino entrenamendu gehiago egiten ari naiz. Konfinamendua iragarri aurretik, Shelter nire surf zentrora joan nintzen, eta ahal nuen material gehiena hartu nuen bertatik, baita bizikleta estatiko bat ere. Era berean, irudimena landuz, entrenamendu funtzionalak, indarra eta abiadura lantzekoak eta antzerakoak egiten ari naiz, baita yoga eta meditazioa ere.