Lantegietan mobilizazioak antolatu ditu gaurko gehiengo sindikalak

Onintza Lete Arrieta 2020ko mar. 27a, 09:26

ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek deitu dute Haserre Eguna, «osasuna, lan baldintzak eta enplegua defendatzeko» aldarrikapenekin. 12:00etan balkoietara atera eta zarata egiteko eskatu dute.

Koronabirusa gelditzeko hartutako neurrien ondorioz, enpresa batzuk aldi baterako enplegua erregulatzeko txostenak ari dira aurkezten Eusko Jaurlaritzan. Beste enpresa batzuek lanean jarraitzen dute, langileek etxean gelditu nahi duten arren. Osasun arloko eta beste arlo batzuetako behargin asko, gainera, babes neurri egokirik gabe ari da lanean. Horren guztiaren aurrean, gehiengo sindikala batu egin da, eta gaur Haserre Eguna egingo du. ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek deitu dute protestara, «osasuna, lan baldintzak eta enplegua defendatzeko». Langileak deitu dituzte mobilizatzera lantegietan; haiek atsedenaldien uneak aprobetxatuko dituzte bost minutuz protesta egiteko. 

Lantegietan eta enpresetan daudenei ez ezik, etxean gelditzen direnei ere dei egin diete sindikatuek. 12:00etan balkoietara atera eta zarata egiteko eskatu diete, Haserre Egunarekin bat egin dezaten. 

Hiru eskaera nagusi dituzte sindikatuek: funtsezko zerbitzuetan beharrezkoak eta eraginkorrak diren prebentzio neurriak aplikatzea, funtsezkoa ez den lan jarduera oro geldiaraztea, eta enplegua eta lan baldintzak bermatzea. Eskaera horiek erakunde zehatzei egin dizkiete: Eusko Jaurlaritzari, Nafarroako Gobernuari eta Confebask zein CEN patronalei. 

Sindikatuek azaldu dute haserre eta minduta daudela «langileen osasuna arriskuan jartzen ari direlako eta langile klasea babesgabetasun egoeran dagoelako».
Zigor Gazpio oriotarra ELA sindikatuko Urola Kostako ordezkaria da, eta azaldu du eskualdeko herri gehienetako enpresek lanean jarraitzen dutela, eta horietako askotan, ez direla ari beharrezko babes neurriak hartzen. Horregatik, haren ustez beharrezkoa da «tarte batez, hamar-hamabost egunez edo behar den denboran produktibitatea etetea». Era hori iruditzen zaio «osasun krisitik ateratzeko modu azkarrena, kostu gehien duena izan arren». Uste du horri buelta ematen asmatuko dela gero. 

Sindikatuek salatu dute funtsezko zerbitzuetako langileak behartuta daudela egunero beren lanpostuetara joatera, beren osasuna bermatzen duten prebentzio neurri egokirik gabe, eta azpimarratu dute «etengabe arriskuan» daudela beren lanpostuetan. Osasunaren sektorea, adinekoen egoitzak, Etxez Etxeko Laguntza, garbiketa, garraio publikoa, anbulantziak, eta supermerkatuak aipatu dituzte.

Funtsezkoak ez diren zerbitzuetako langileen egoera ere salatu du gehiengo sindikalak: «Funtsezko zerbitzuetan lan egiten ez duten langileak ere behartuta daude beren lanpostuetara joatera, Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta patronalek interes ekonomikoak lehenesten dituztelako beren osasunaren aurretik. Haien osasuna ere ez dago bermatuta».

Egungo egoera aprobetxatuz kaleratzeak egitea ere leporatzen diete patronalei: «Aldi baterako kontratuak eta kontratu prekarioak dituzten langileak kaleratu dituzte, eta inolako negoziaziorik gabeko milaka txosten aurkeztu dira aldi baterako enplegua erregulatzeko. Egungo krisia milaka pertsonaren lan baldintzak are gehiago prekarizatzeko erabiltzen ari dira. Aurreko krisia langileei ordainarazi ziguten, eta oraingo osasun krisia ere guk ordaintzea nahi dute patronalek eta gobernuek».