Gaurtik aurrera entzungai izango dira Leihotik At! podcastak

Zarauzko Hitza 2020ko mar. 28a, 10:55

Gaur iluntzean zabalduko dute lehen entzungaia, konfinamendu garaian bizitakoen inguruan herritarrak hausnartzera bultzatzeko asmotan.

Danda Gazte Asanbladako kideak ere etxean daude, baina egoerak hamaika ezinegon piztu dizkie. Egunotan soberan dago zer hausnartua, eta hari horri tiraka, podcastak plazaratuko ditu asanbladak, asteazkenetan eta larunbatetan. Gaur jarriko dute lehenengoa entzungai Youtube plataforman, beren sare sozialetan eta Zarauzko Hitzako komunitatean duten atalean.

Hona hemen podcasta aurkezteko zabaldu duten mezua:

"Etxian sartuta gaude, bakartuta, zalantzaz beteta... Baino eztia hauek besuak gurutzatuta gelditzeko egunak. Aurrez bizi gabeko egoeran laga gaitu Covid-19ak sortutako krisiyak eta (des)informaziyo uholdiak ziurgabetasuna ta zalantzak areagotu besteik ez dizkigu iten. Zer dao, ordia, krisi sanitario honen atzian? Ze epe motzeko eta luzeko eragin dazka krisi honek? Zenek jasango ditu eraginak? Ze in dezakeu egoera nahasgarri hontan?

Dandako kidiok ez dakau geldik geatzeko asmoik. Guk argi dakau: isolamenduan aurrian erantzun kolektibua ta desinformaziyuan aurrian begirada kritikua. Hortara dator Leihotik At! podcasta: aktualitatia, ikuspegi kritikua, krisiyan ondoriyo berehalakuak jasaten ai dan jendian testigantzak, kultur proposamenak... ta gauza gehio! Astero bi saio: asteazkenetan ta larunbatetan. Biyar aurreneko saiua entzungai!

Etxian gaude, bakartuta, isolatuta... Baino ez dezaun egoera ontzat eman. Findu belarriya ta zorroztu ikuspuntua. Entzun Leihotik At! podcasta!"