Kasu bat gehiago atzeman dute Zarautzen, jaurlaritzaren datuen arabera

Zarauzko Hitza 2020ko mar. 28a, 13:42

Atzotik COVID-19 gaitzak erasandako pertsona bat gehiago atzeman dute Zarautzen. Guztira, 42 dira herrian hautemandako kasuak.

Koronabirusaz kutsatutako Urola Kostako herritarren kopuruaren igoerak ez du etenik. Eusko Jaurlaritzak egunez egun ematen dituen datuek goranzko joera hori berretsi egin dute; izan ere, atzoko 20:00ak arterako positibo kopuruak gora egin du: atzo baino zazpi kasu gehiago atzeman dituzte Urola Kostan.

Zarautzen atzeman dute kasu horietako bat, beraz, 42 dira kontabilizatuta dauden koronabirus kasuak herrian. Gogorarazi behar da kopuru horiek ez dutela islatzen benetako kutsatuak zenbat diren, sintomak dituzten hainbati ez baitiete probarik egiten. Zumaian lau kasu horietako bi atzeman dituzte: azken 24 orduetan zortzi kasu izatetik hamar izatera pasatu da herri hori. Orion beste bi hautemen dituzte eta, hala, hiru dira guztira bertako kasuak. Azkoitian atzeman dute beste kasu bat, herri horretako hirugarrena. Getarian ere, herriko hirugarren kasua atzeman dute azken 24 orduetan. Gainerako eskualdeko herrietan zifra berarekin segitzen dute: Azpeitian hiru kasu daude baieztatuta eta Aian bat. Bailarako gainerako herrietan ez dago positibo kasurik.

Euskal Herriko datuak bestelakoak dira Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak eman dituzten datuen arabera. Azken 24 orduetan 535 kasu atzeman dituzte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta hamalau lagun hil dira. Nafarroan, berriz, 219 izan dira positibo berriak, eta 12 pertsona hil ditu gaitzak. Hego Euskal Herrian, guztira, 6.965 kasu diagnostikatu dituzte, eta 311 pertsona hil dira COVID-19 gaixotasunaren ondorioz.

Bizkaia da kutsatu gehien dituen herrialdea, 2.186 positiborekin; atzo baino 277 kasu gehiago atzeman dituzte han. Nafarroan 1.829 lagun daude kutsatuta, atzo baino 219 gehiago; Araban 1.779, atzo baino 169 gehiago; eta Gipuzkoan 894, atzo baino 89 gehiago. Aldiz, Araba da koronabirusaren eraginez hildako gehien dituen lurraldea: han 109 pertsona hil dira; Bizkaian 103; Nafarroan, 70; eta Gipuzkoan, 29.

Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan koronabirusa duten 2.549 herritar daude ospitaleratuta. Ospitaleko senda agiria jaso duten herritarrak, berriz, 1.121 dira. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 12.665 test egin zituzten atzora bitartean, Osakidetzak jakinarazi duenez.