Negu luzea arraunlarientzat

IƱigo Gaiton 2020ko api. 1a, 11:31
'Enbata' trainerua, otsailean jokatu zen Oriaren jaitsieran.

Koronabirusak bete-betean eten du arraunlarien prestaketa, uretan ordu gehiago egiten hastera zihoazen urte garaian. Udan zer gertatuko den jakin gabe, etxean entrenatzen jarraitzen dute.

Traineru baten errendimeduan talde indarra da faktorerik erabakiorrena: tripulazioko kide guztien arteko kohesioa.  Estropaden osteko adierazpenetan, oso ohikoa da arraunlariek edo prestatzaileek blokea-ren garrantzia azpimarratzea; alegia, arraunlari guztien indarrak norabide berean joatea eta arraunketa kontretu bati leial izatea. Horrek ematen dio txalupa bati abiadura. 
Normalean, arraun taldeek udaberritik aurrera lantzen dute aipatutako kohesio hori. Negua lan fisikoa egiteko baliatzen dute; «lan zikina», estropalarien ahotan: korrika egin, ergometroan orduak sartu, gimnasioan indarra landu... Hilabete horietan, ordea, gutxi ateratzen dira uretara. Udaberriarekin batera iristen zaie traineruan orduak sartzen hasteko tenorea; hitz gutxitan esanda, arraunaz gozatzen hasteko garaia.  

Aurtengoan, ordea, beren ohiko zikloak etena izan du koronabirusaren ondorioz. Arraunlariak etxean entrenatzera behartu ditu COVID-19 gaitzak; tablet edo ordenagailuetan itsasoko estropadei begira dabiltza asko, etxeko egongelan ergometroan ari diren bitartean. Ohi baino gehiago ari zaizkie luzatzen neguko lan zikinak. 


Dinamikaren haustura

"Eguneroko martxa erabat hautsi da, eta talde dinamika geratu. Fisikoki behintzat, talde lana eten egin da. Hori da egoera honen ezagurarri nagusia". Hala iritzi dio Jon Salsamendi Orio AEko gizonezko seniorren entrenatzaileak. Azken egunetan, arraunlariekin entrenamendu kolektiboak egin ditu tarteka aplikazio digitalen bidez, baina berak argi du: "Saio horiek terapia dira, beste ezer baino gehiago; taldea elkartuta mantentzeko saiakera bat. Etxetik egindako entrenamendu kolektiboek ez dute balio hobekuntza teknikoak lortzeko".

Dena den, talde guztiak egoera berean daudenez, koronabirusaren afera ez da aitzakia izango udako emaitzei begira, Salsamendiren esanetan. "Bizitzen ari garen honek geure burua hobeto ezagutzera bultzatuko gaitu, eta seguru nago, entrenatzaile gisa eraldaketa batzuk eragingo ditu nigan; guraso, bikote edo lagun modura ere bai, ziurrenik", gehitu du. 

Orioko emakumezkoen traineruko patroiak, Nadeth Agirrek, taldekideekin juntatzea botatzen du faltan gehien, eta uretako entrenamendu saioak ere bai. "Itxialdiko lehen asteburuan oso arraroa egin zitzaidan Arraunetxera ez joatea. Entrenamendu saioen errutina oso barneratuta dut aspalditik, eta arraunak asteburuen parte garrantzitsua hartzen du", esan du  Agirrek. 

Udazkenean, arraunlari batek denboraldi berriari ekiten dionean, badaki hurrengo hamar hilabeteetan arraunari emanda biziko dela. Entrenamenduek eta estropadek estropalarien ordu asko hartzen dituzte, astegunetan eta asteburuetan. "Arraunak asko kentzen digu, hori hala da, baina eman ere ikaragarri. Orain, etxean, sentsazioa oso arraroa da. Taldekideon artean uneoro dugu harremana whatsapp eta halako aplikazioen bidez, baina gauza batzuk ordezkaezinak dira; itsasoa ikusteko gogo ikaragarria dut, eta traineruan ibiltzekoa", zehaztu du. Udako txapelketei begira zer iritzi duen galdetuta, erantzun hau eman du: "Taldean ez dugu horretaz hitz egiten. Mezu positiboak bakarrik bidaltzen dizkiogu elkarri".


Indarra lantzea zailena

Ion Marin Getariako traineruaren prestatzaile fisikoa da, eta aldi berean, Hondarribiakoa ere bai. Bere iritziz, etxean entrenatzeko parametrorik zailena indarra da: "Erresistentzia aldetik ez dago arazorik, arraunlariek ergometroak dituztelako eskura, eta, gutxi gorabehera, lehengo planarekin jarraitu dezakete. Indar aldetik, ordea, zailagoa da normalean gimnasioan egiten den lanari eustea, etxean ez delako horretarako baliabiderik izaten". Profesional modura, indarraren lanketa horri eustea du erronkarik handiena. "Eta pisua ere hor dago, estropalari bakoitzaren kiloak. Kalorien ikuspegitik, ez da gauza bera etxean sartuta egotea edo ohiko bizitza egitea", gehitu du. Bi aste pasatxo dira itxialdia agindu zutenetik, eta, oraingoz, arraunlariek motibazioari eusten diote. "Ikusi egin beharko dugu egoera zenbat luzatzen den. Ikuspegi psikologikotik erreparatuz gero, ez da erraza egunero etxean bakarrik entrenatzen jardutea, udako denboraldiarekin zer gertatuko den jakin gabe", dio Marinek. Bere iritziz, interesgarria izango da eten honek estropadetako denboretan izango duen eragina aztertzea: "Auskalo zer ondorio aterako ditugun".

 
Kudeaketa lanak erronka

Zarautz Arraun Elkartea Eusko Label Ligan ariko da aurtengo denboraldian. Maila gorenean lehiatzeak ohiko aurrekontua bikoiztea suposatzen dio elkarteari, eta azken asteetan, arduradunak kudeaketa kontuetan murgilduta zebiltzan buru-belarri. "Koronabirusak eragindako egoeraren ondorioz, ia gelditu egin behar izan ditugu babesleak bilatzeko lanak", adierazi du Gaizka Garmendiak. Urteak daramatza arraunean eta elkartean murgilduta, eta, gaur egun, patroi aritzeko prestatzearekin batera, zuzendaritzako batzordekidea ere bada. "Kudeaketa lanei dagokionez, kirol esparruaren ardura dut. Asteburuak antolatzen ditut, kategoria desberdinetako estropaden arabera: estropalarien fitxak, txalupak, garraioa... Martxa hori erabat geratu da orain", azaldu du Garmendiak. 

Arraunlariei dagokionez, koronabirusak ez du urratu seniorren motibazioa, eta irrika bizia dute goi mailan aritzeko. "Alde horretatik ez dugu arazorik ikusten. Eusko Label Ligan jokatzea ametsa izan da taldeko partaide askorentzat. Arraunlariak dira goi mailara igotzeko meritua egin dutenak, eta hori, antzeko taldea mantenduta lortu dugu. Ez da kasualitatea iaztik baja bakarra izatea, adinagatik. Estropalariak amorratzen daude udako denboraldiari ekiteko", dio Garmendiak. 

Beste kategorietako arraunlarien kasuan, denetarik dago:  "Koronabirusak denengan suposatu du etena. Jubenilak, adibidez, bateletan estropada onak ari ziren egiten, gero eta emaitza hobeak lortuz. Pixkanaka, goruntz zihoazen sailkapenean. Hauentzat, kolpea izan da liga bertan behera geratzea. Nesken kasuan ere berdin. Iaz hasitakoak izanik, aurten ari ziren kirolari neurria hartzen, eta eten honek eragina izan du haiengan. Kadeteei dagokionez, adin horrekin gogorra da etxean sartuta egon beharra, eta pena handiarekin daude. Ez dakigu hauen txapelketak noiz jokatuko diren". Elkartean argi dute gauza bat: "Kadete mutil eta nesken kasuan, estropadak egin edo ez, aulki mugikorra landuko dute, arraunlari modura garatzen lagunduko dielako", zehaztu du. 

Garmendiak berak ere badu patroitza lanetarako entrenatzeko asmoa. "Traineruko patroi nagusia Aitzol Garro izango da, baina niri ere prest egoteko agindua eman didate. Neguan Pasaiako estropada jokatu nuen, eta ez nintzen oso fin sentitu. Bai nik eta bai taldeak, uretan orduak sartu beharko ditugu, puntua hartzeko. Arintasun falta atzeman nion neure buruari. Udan goi mailan lehiatu behar badut, taldean gehiago sartu beharko dut aurrerantzean; tamalez, geldialdi honek zaildu egingo du hori". Garmendiak fede handia du estropalariengan: "Hirugarren denboraldia egitera goaz talde ia berarekin, eta arraunketa jakin bat barneratua dugu. Beraz, beno, uste dut horrek lagunduko digula egoera honi aurre egiten".

Udako estropadak hasi aurretik, hilabetez uretan entrenatzeko esperantza du patroi zarauztarrak: "Gisa honetako arazoek iraupen jakin bat izaten dute, eta lehenago edo beranduago, hau ere konponduko da. Historian beti izan dira halakoak. Birusa desagertu bitartetan, hil dadila ahalik eta jende gutxien".

   
Baikor udari begira

Zumaiako estropalariak ere etxean entrenatzen dihardute. Itxialdia hasi baino lehenago ergometroak elkarteko arraunlarien artean banatu zituzten, eta orain, nolabait, lehorrean uretan egin beharreko lana ordezkatzeko ahaleginean ari dira. Hala azaldu du Iñaki Larrañaga gizonezko traineruaren entrenatzaileak. "Egoera honetan, estropalariak ez ditut aurrez aurre ikusten, eta niretzat zailena, beharbada, haiei animoak ematea da, distantziatik motibatzea", zehaztu du. 

Larrañagak ere ez daki udan zer gertatu daitekeen: "Oraindik ez dakigu egora hau zenbateraino luzatuko en. Badakit antolakuntzakoak bilerak egiten jardun direla, koronabirusaren arazoak iraun dezakeenaren arabera, estropadak jokatzeko aukera desberdinak aztertzeko, baina oraindik goizegi da ezer zehazeko", dio Larrañagak. 

Taldeko partaideei dagokionez, oraindik ondo ikusten ditu entrenatzaileak: "Bai, oraindik gogotsu daude. Egoera honetan maiatzan egongo bagina, beste gauza bat izango litzateke, baina oraindik badute gauzak hobera egingo duen esperantza, denbora tarte pixka bat badugu alde", dio baikor. Uztaila hasieran leihatzen hasteko aukera jarri du mahaigainean. 


Koronabirusak ekarritako etenak udako denboretan izan dezakeen eraginaz galdetuta, denboraldi hasieran atzeman daitekeela uste du Larrañagak. "Aurreneko estropadetan, beharbada, ohi baino denbora txarragoak egin ditzakete txalupek, errimo faltagatik. Gero, ordea, asteak aurrera joan ahala, uste dut bakoitzak emango duela betiko maila". Gaitzak eragindako osasun larrialdiak luzerako jo dezakeela uste arren, baikorra da: "Aste Santua pasata, jendea pixkanaka lanera itzuliko dela iruditzen zait, eta udan, zorte pixka batekin, estropada batzuk ere jokatuko ditugula uste dut".

 
Kasta atera eta aurrera

Uxoa Irigoien Zumaiako emakumezkoen traineruko arraunlaria da. Mendi lasterketetan goi mailan ibili ostean, iaz hasi zen arraunean. Etxean, lana eta entrenamenduak uztartzen dihardu. "Irakaslea naiz ofizioz, eta nahikoa lan badugu egunotan. Hala ere, gaitzerdi, lanari esker eguna azkarrago pasatzen delako. Eskolako zereginak bukatutakoan, ergometroan aritzen naiz balkoian, bizilagunen animoekin!", poztu da. "Aurretik mendian ibilia izanik, entrenamenduetan naturarekin harreman zuzena izatera ohituta nago. Orain, etxean, burugogorkerian aritzen naiz agindutako lanak egiteko". 


Zumaiako traineruak baja batzuk izan dituela eta, aurten kosta egin zaie martxa hartzea. «Aste hauek eten handia izango dira. Poliki-poliki, martxa hartzen hasiak ginen, palada altuagokoetan arraun egiten, eta aurredenboraldiko puntu garrantzitsuan harrapatu gaitu birusak», zehaztu du. Bere kasuan, arraunean bigarren urtea izanik, etenak gehixeago eragin diezaiokeen galdetuta, zera erantzun du: "Aurten erosoago sentitu naiz ergometroan eta uretan. Teknikari dagokionez, iaz oinarria hartu nuen, eta aurten, lasaiago ari nintzen arraunean, gozatzen". Etenak eten, badaki tostartean konfiantza hartzeko zer egin behar duen: "Kasta eta gogoa jarrita, hartuko ditut berriz arraunketa eta konfiantza". 


Zumaiako tripulazioan ere ez da motibaziorik falta. "Taldekideon artean giro bikaina dugu, birtualki bada ere. Bizitzen ari garenak mentalki indartsuagoak egingo gaituela uste dut, eta itzuleran, gogo handiagoarekin helduko diogu arraunari", dio baikor Irigoienek. Tripulazioko lagunez eta itsasoaz gain, kaleko giroa ere botatzen du faltan : "Getariarra izanik, herriko saltsa faltan somatzen dut. Udaberrian kaleak bizi-bizi egoten dira, eta gauza ederra da batekin eta bestearekin juntatzea". Izate baikorrekoa da, eta laster etxetik ateratzeko esperantza duela esanez agurtu da.