#NiEtxeanZaintzenNaiz: konfinamenduan ere gorputza astindu behar dugulako

Zarauzko Hitza 2020ko api. 1a, 12:19

Herritarren ongizatearekin lotutako ikus-entzunezko piezak eskainiko ditugu gaurtik aurrera. Tartean, Zarauzko kiroldegiko monitore taldeak prestatutako saioak egongo dira.

#NiEtxeanGeratzenNaiz. Leku askotan irakurri ahal izan da esaldi hau, mundu mailan zabaldu diren #IStayHome edota #YoMeQuedoEnCasa esaldien antzera. Etxean geratzea bai, baina itxialdiak iraun bitartean norbere gorputza zaintzea ere komeni dela nabarmentzen ari dira adituak azken asteotan.

Hori dela eta, Urolako Komunikazio Taldeak egitasmo berri bat jarriko du martxan bihartik aurrera. #NiEtxeanGeratzenNaiz leloari beste lelo osagarri bat jarriko dio: #NiEtxeanZaintzenNaiz.

Egitasmo honen barruan herritarren ongizatearekin zerikusia duten ikus-entzunezko piezak eskaintzen joango da. Kirola, elikadura edota osasuna izango dira bideo horien ardatz eta abiapuntua, eta eskualdeko aditu desberdinen eskutik jaso ahal dira gorputza zaintzeko gomendio eta proposamen horiek guztiak.

Zarauzko kiroldegiko monitoreek prestatutako saioak, gaurtik aurrera

Gaur bertan Zarauzko Gizarte Zerbitzuetatik martxan jarritako ekimenarekin eman zaio hasiera egitasmoari. Hirugarren adineko herritarrei zuzendutako jarduera fisikoa bultzatu asmoz, hainbat saio prestatuko ditu Zarauzko kiroldegiko monitore taldeak. Saio horiek Erlo Telebistan ikusi ahal izango dira egunero goizeko 11:00etan eta arratsaldeko 18:00etan. Ikusgai egongo dira, era berean, Zarauzko Hitza, Urola Kostako Hitza eta Erlo Telebistako webguneetan ere.