OHZ eta Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen gaineko zergak ordaintzeko epea atzeratu du udalak

Zarauzko Udaleko Ekonomia eta Ogasun zinegotzi Jesus Arana. (Zarauzko Udala)

Hainbat aldaketa egitea erabaki dute zerga, prezio publiko eta tasetan, Covid-19ari aurre egiteko neurri ekonomiko gisa.

Koronabirusaren pandemiak sortutako egoerari aurre egiteko, Zarauzko Udalak hainbat neurri ekonomiko hartu ditu, Gipuzkoako Foru Aldundiak hartutakoak kontuan izanda. Zergen atalean, Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen gaineko Zerga borondatez ordaintzeko epea (martxoaren 2tik maiatzaren 4ra) uztailaren 1era arte luzatu dute, eta Ondasun Higiezinen gaineko Zerga (OHZ) ordaintzeko epea atzeratu egingo dute, abuztuaren 1etik irailaren 15era.

Beladoreen tasei dagokienez, udako denboraldiko ordainketa epea bi hilabete atzeratuko du udalak, uztailaren 1etik abuztuaren 3ra arte. Hileko merkatua bere egoera berrezarri ondoren kobratuko da.

Martxoaren 14an amaitu ez diren likidazioen eta data horren ondoren hasitako likidazioen borondatezko ordainketarako epeei dagokienez, epe horiek ekainaren1era arte luzatuko dira, horietarako aurreikusitako epea beranduago amaitzen denean izan ezik.

Kuoten banaketa

Udaleko Ekonomia eta Ogasun zinegotzi Jesus Aranak azaldu duenez, "tasa eta prezio publikoak prestazioaren eta okupazioaren arabera banatuko dira, aldez aurretik ordaindutako zenbatekoak itzulita, hala badagokio, eta zerbitzuak eta okupazioak berrezarri ondoren dagokion zatia likidatuta, kasu bakoitza aztertu ondoren".

Itzulketa ofizioz egingo dela nabarmendu du Aranak, herritarrek eskatu gabe, behin zerbitzuaren etena amaituta. Era berean, udalak funts ekonomiko bat jarriko du martxan, bere jardueraren derrigorrezko itxiera jasaten ari diren merkataritzari, ostalaritzari eta bestelako jarduera ekonomikoei laguntzeko.

Bestalde, 8/2020 Errege Lege Dekretuak (martxoaren 17koa, COVID-19ren inpaktu ekonomiko eta sozialari aurre egiteko ezohiko eta premiazko neurriei buruzkoa) aukera ematen du, kasu jakinetan, ohiko etxebizitza erosteko hipoteka zorraren moratoria eskatzeko. Eskaera hori egiteko, besteak beste, etxebizitzan erroldatutako pertsonen errolda ziurtagiria behar da, eta udalak ziurtagiria eskuratzeko aukera jarri du abian.