"Neurriak lehenago hartzea espero genuen, arazoari bentajaz aurre egin ahal izateko"

Aritz Mutiozabal 2020ko api. 1a, 17:00
Ganix Illarramendi eta Leire Ventas. (Utzitakoa)

Londresen bizi dira Ganix Illarramendi musikaria eta Leire Ventas kazetaria. Bikote zarauztarrak COVID-19aren hedapena eta konfinamenduaren agindua nola bizi izan duten azaldu dio HITZAri.

Aurreko astean hartu zuen erabakia Erresuma Batuak: hiru asteko konfinamendua. Ze aldarterekin jaso zenuten berria?
Zain geunden, espero genuen. Beste herrialdetan hartu dituzten neurriak hona ere iritsiko zirela aurreikusten genuen. Aurreneko kasuak hasi zirenerako, bagenekien birusa zabaltzen ari zela eta horren aurrean gobernua neurriak hartzen hasiko zela. Guretzat ez zen sorpresa izan.

Boris Johnson eszeptiko samarra zen konfinamenduarekin ordura arte, herritarren esku uzten ari zen prebentzio neurriak. Zer iritzi zeneukaten horren aurrean?
Italian eta Espainian gertatzen ari zena ikusita, harritu egin gintuen. Baina jendeak denetariko iritzia zeukan. Batzuek ez zuten uste eskolak itxiko zituztenik ere. Dena den, etxean geratzeko agindua iritsi aurreko egunetan giroa arraroa zen, eta jende bat hasia zen bere aldetik neurriak hartzen. Sozializatzeari pixkanaka utzi zion, museo eta pub-etara joateari ere bai.

Zuek neurririk hartzen ari al zineten larrialdi egoera hau iragarri aurretik?
Bai. Garraio publikoa hartzeari eta lagunekin elkartzeari aspaldi utzi genion. Bestalde, musika taldearekin martxoa hasieran entsegu eta konpromiso guztiak bertan behera utzi genituen; tartean bideoklip berriaren grabaketa. Hasieratik argi genuen arduraz jokatu behar dela, eta gure aldetik har ditzakegun neurri guztiak hartu.

Konfinamendu agindua jarrita dago, eta ezin da etxetik irten oinarrizko gauzetarako bakarrik. Halere, hemen ez bezala, ariketa fisikoa egiteko aukera dago egunero.
Hala da, baina azken horrek galdera asko laga ditu: zenbat denbora har dezakegu kirola egiteko? Zein da eremua? Momentuz erabakiak norberak hartu behar ditu eta arduraz jokatu.

Atzerrian bizita, norbere burua ez ezik, familia eta lagunak ere izango dituzue buruan, ezta?
Noski. Gainera hemen baino lehenago hasi zineten neurriak hartzen, eta beldur pixka bat ere bageneukan. Guraso helduak ditugu eta haietaz gogoratzen gara. Baina, era berean, inoiz baino konektatuago gaude, eta ia egunero hitz egiten dugu etxekoekin. Egunero aurpegiak ikusi ahal izateak asko laguntzen du.

Haiekin hitz egiterakoan, bertako egoerarekin apur bat harrituta geratu al zarete?
Han neurriak hartu zirenerako beste herrialde batzuk hartuak zituzten, beraz asko ez gintuen harritu. Hala ere, oso neurri gogorrak dira, eta arriskuan dauden pertsona guztiez gain, etxeko txikienez ere gogoratzen gara. Haurrak hainbeste astez etxean sartuta egoteak luzera zer ondorio ekar ote ditzakeen galdetzen diogu gure buruari.

Pentsatzen al zenuten horren neurri zorrotzak iritsiko zirenik Erresuma Batura?
Guk bai, eta, gainera, lehenago hartzea espero genuen, arazoari bentajaz aurre egin ahal izateko. Guk, eskolan, bi egunero jasotzen genuen gobernutik informazioa, eta zain geunden ixte abisua noiz etorriko zen. Hala ere ez dakigu hemengo estrategia Espainiakoaren edo Italiakoaren berdina izango den, beste herrialde batzuen bidea jarraituko den, edo tarteko zerbait izango den.  

Momentuz, herritarroi etxean gelditzeko agintzeaz gain –aipatutako salbuespenekin–, hemengo osasun zerbitzua (NHS) indartzen ari dira. Ia milioi bat pertsona gehitu dira boluntario, mediku edo erizain lanetan, ohez betetzen ari dira hainbat zentro eta test kopurua igo dute. Hiru astero ebaluatuko omen dute egoera, eta edozein momentutan neurri berriak etor litezke.

Eta orain ezarri dituztela, zer nolako sentipena edo gorputzaldia duzue?
Isileko drama asko dituen egoera dela iruditzen zaigu. Guri, neurri berriekin bizitzen ikastea tokatzen zaigu, normaltasun berrira ohitzea. Pandemiak utziko duena tragedia handia izango da, baina akaso zerbait ikasi ere egingo dugu.