Turismoaren sektoreko autonomoentzat eta enpresa txikientzat dirulaguntza lerro bat zabalduko du Aldundiak

COVID-19ak sortutako kalte ekonomikoei aurre egin ahal izateko banatuko dituzte laguntzak, eta besteak beste, jarduera horretan gutxienez sei hilabeteko aintzinatasuna duten turismo agentziek, gida turistikoek nahiz turismo enpresek eskatu ahal izango dituzte horiek. Egitura eta zirkulazio gastuak ordaintzeko baliatu beharko dira dirulaguntzak.

Turismoaren sektorean aritzen diren autonomoei eta enpresa txikiei zuzendutako 100.000 euroko dirulaguntza lerro bat jarri du martxan Gipuzkoako Foru Aldundiak. COVID-19ak sortutako kalte ekonomikoei aurre egin ahal izateko banatuko dituzte laguntzak, eta besteak beste, jarduera horretan gutxienez sei hilabeteko aintzinatasuna duten turismo agentziek, gida turistikoek nahiz turismo enpresek eskatu ahal izango dituzte horiek.

Egitura eta zirkulazio gastuak ordaintzeko baliatu beharko dira laguntzak; izan ere, foru erakundeak azaldu duenez, alarma egoeraren ondorioz, enpresek ezin dituzte gastu horiek salmenten bidez ordaindu. Horrenbestez, urtarrilaren 1etik alarma egoera bukatu bitarteko epea hartuko dute kontuan laguntzak ematerakoan. Bere kargura langilerik ez duten autonomoek, gehienez, bi mila euro jasoko dituzte; bi edo hiru langileko enpresek, gehienez, 3.500 euro eskuratu ahal izango dituzte; eta lau langiletik gorako enpresek, 5.000 euro gehienez.

Deialdia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratutakoan egin ahal izango dira, eta informazio guztia Gipuzkoako Foru Aldundiaren webgunean jarriko dute ikusgai. Herritarrek webgune horretan jarriko duten inprimaki zehatz bat bete beharko dute dirulaguntzak eskatzeko, eta eskabideak zein bestelako agiri guztiak Internet bidez aurkeztu beharko dira, erakunde horren egoitza elektronikoaren bidez. Uztailaren 1ean itxiko dute laguntzak eskatzeko epea.

Imanol Lasa Turismo diputatuaren arabera, "presazko" neurria da sektoreko hainbat eragilerekin bilera egin ostean hartu dutena. Izan ere, hark "bereziki larritzat" jo du pandemiak turismoan duen eragina, jarduera "bat-batean gelditu" egin delako. "Aste Santua bezalako data oso garrantzitsuetan iritsi da gaitza, eta negozio askoren biziraupena zaildu du horrek".

Aldundiak beste hainbat neurri ere hartu ditu, hala nola neurri fiskalak, enpresa txikietan telelana ezarri duten enpresen gastuak laguntzeko lerroa, jarduera ekonomikoa bultzatzeko dirulaguntza programen baldintzak malgutzea, Elkargik berariazko mailegu lerro bat martxan jartzea, dirulaguntza eskuratzea errazteko online plataforma sortzea garapen agentziekin elkarlanean eta ekitaldiak, azokak nahiz jarduerak finantzatzeko konpromisoa.