Bertan behera utzi dute Literaturia jaialdia

Ane Eslava - Berria.eus 2020ko api. 2a, 19:42

Maiatzaren 29tik 31ra ospatzekoa zen, hamabigarrenez, Zarautzen.

Koronabirusak eragindako osasun krisia dela eta, udaberriko literatur azokak bertan behera geratzen ari dira, eta Literaturia ere atzeratzea erabaki dute. Maiatzaren 29tik 31ra egitekoak ziren, Zarautzen.

Oraindik erabakiaren berri ematen ari zaizkie artistei, baina antolatzaileak dagoeneko aurrera begira daude, beste egun bat bilatzen, Yoseba Peñak azaldu duenez: «Udalaren zain gaude, jakiteko noiz egingo dugun eta ea formatu honi eustea izango dugun». Izan ere, hainbat ekitaldi geroratuko dituztenez, ez dakite aukera izango duten asteburu osoko jaialdia antolatzeko.

Euskal liburugintzaren sektorean erroturik dagoen topaketa bat da Literaturia, eta aurtengoa hamabigarren aldia izango litzateke. 2009an egin zuten aurrenekoz, Larrabetzun (Bizkaia), eta 2014tik Zarautzen egiten dute. Euskal literatura sustatzeko helburua du, eta hiru printzipiotan oinarritzen da: «Literatura da ardatza, euskaraz sortua edo euskarara ekarria, eta herritik eta herrirako egina». Hiru oinarri ditu: azoka; aurkezpenak eta solasaldiak; eta, azkenik, emanaldiak.