Etxerik gabeko 30 lagun hartzeko egokitu dute Zarauzko aterpetxea

Zarauzko hitza 2020ko api. 3a, 10:07

Gipuzkoako Foru Aldunditik jakinarazi dutenez, Zarauzko Udalarekin, hirugarren sektoreko eragileekin eta Osakidetzarekin lankidetza estuan ari da, "egoera zaurgarrian dauden herritarrei behar duten arreta eskaintzeko".

Kalean dauden pertsonak COVID-19 gaitzarengandik babesteko Hondarribiko aterpetxea eta Orioko Txurruka aterpetxea ireki zituen Gipuzkoako Foru Aldundiak koronabirusak sortutako krisiaren hasieran, baina atzo jakinarazi zuen Zarauzko Etxe Txiki aterpetxean ere beste 30 lagunentzat tokia egokitu dutela. Eider Mendoza foru bozeramaileak jakinarazi zuenez, "egungo eta etorkizuneko beharren arabera" erabiliko dira aterpetxeak. Horregatik, Hondarribiko eta Orioko aterpetxeez gain, Zarauzkoa ere bideratu dute bizitegi bazterketa egoera larrian dauden pertsonen arreta eskaintzeko. "Udalekin, hirugarren sektoreko eragileekin eta Osakidetzarekin lankidetza estuan jarraitzen dugu pertsona horiei behar duten arreta eskaintzeko, osasun krisi honen ondorioz bizi dugun errealitatearen aurrean, egoera zaurgarrian baitaude", azpimarratu du Mendozak.

Gipuzkoako Foru Aldundiak Zarauzko aterpetxera 10 lagun bideratu ditu dagoeneko, eta 30 plaza arteko edukiera duela jakinarazi du. Dena dela,  Oriokoak eta Hondarribikoak bezala, "Zarauzkoak ere beharra egongo balitz pertsona gehiago hartzeko aukera izango luke", adierazi du bozeramaileak.