Sakelako telefonoen kokapenari buruzko datuak jasoko ditu Madrilek

Zarauzko Hitza 2020ko api. 3a, 15:44

Telefonica, Orange eta Vodafone konpainiek euren sareak erabiltzen dituzten sakelakoak non dauden kontrolatuko dute, eta informazioa Madrilgo Gobernuari emango diote. Koronabirusaren aurkako borrokan, populazioaren mugimenduei buruzko datuak biltzea da asmoa, Madrilen arabera, eta, gaineratu duenez, ikerketak ez ditu "gizabanakoen mugimenduak atzemango", baizik datu "anonimoak eta multzoka”.

Telefonica, Orange eta Vodafone konpainietako 40 milioi sakelakoren arrastoa jarraituko du Espainiko Gobernuak, populazioaren mugimenduei buruzko informazioa jasotzeko, eta informazio hori baliatuko du koronabirusaren kontrako borrokan erabakiak hartzeko. INE Espainiako Estatistika Erakundearekin elkarlanean gauzatuko du DataCOVID izeneko ikerketa, eta jakinarazi du datuak modu “anonimoan eta multzoka” aztertuko dituztela, “egoera normaltasunera itzultzeko beharrezkoa den denboran”. Telefonia konpainiek argitu dute poliziek ezingo dituztela datu horiek erabili herritarren mugimenduak zaintzeko.