Poeta, letragilea, musikaria, Gipuzkoako Foru Aldundiko kultur diputatua, pentsalaria, existentzialista, gaztea, Ez Dok Amairuko kidea, txalotua, berritzailea, materialista, abertzalea, soziala, kritikoa, gaixo larria, publikoa, aldarrikatua, etxekoa, ezkondua, zigortua, etsia, ahuldua, historikoa, filosofikoa, alarguna, zauritua, argitaratua eta argitaragabea, intimista, ateoa, agnostikoa zein ia-ia kristaua, klasikozalea, saritua, nostalgikoa, sakona, plagiatzailea, intelektuala, hasierakoa, erdikoa eta amaierakoa; Xabier Lete (Oiartzun, Gipuzkoa, 1944- Donostia, 2010) osorik esplikatzea izan da Alex Gurrutxaga literatur ikertzailearen doktore tesiaren erronka, eta, urteetako lanaren ostean, duela aste batzuk aurkeztu du azterketa horren emaitza, Euskal Herriko Unibertsitatean: Xabier Leteren poetika: aldaeren azterketa eta bilakabidearen irakurketa bat. Lau hamarkadaz, barne borroka amaigabean dagoen sortzaile baten erretratua egiten du lanak, kontraesan guztien gainetik bere obrari osotasun sendo eta koherente bat emateko ahaleginean, eta idatzi eta kantatutakoa etengabe berrirakurtzen, berrinterpretatzen eta are berridazten ere.
«Paradoxikoa da Leterekin gertatzen dena», azaldu du Gurrutxagak. «Oso autore ezaguna eta errekonozitua da; errespetu handia zaio, eta hamaika omenaldi egin zaizkio, eta, aldiz, akademian ez da asko ikertu, eta literaturaren historietan ere gutxi erreparatu zaio haren lanari. Eta kontraste horrek atentzioa ematen du». Gurrutxagaren kasuan, elkarri lotuta irakurri ditu autorearen obra, haren biografia, eta sasoian sasoiko egoera politiko eta soziala, eta, dioenez, hirurak «kointzidenteak» izaten dira gehienetan. Horregatik sailkatu du haren lana hiru fasetan: 1968tik 1978ra doa lehena, 1978tik 1990era bigarrena, eta 1990etik 2008ra azkena.